1. Bergararra zara baina ama lixerrengotarra duzu eta Lakuntzan bizi zara.
Ama lixerrengotarra izaki, denbora asko pasa izan dugu Sakanan. 2005etik Lakuntzan bizi naiz, eta ilbeltzean 22 urte izango dira San Fermin ikastolan irakasle hasi nintzela.
2. 2025etik San Fermin ikastolako zuzendaria zara. Nafarroako ikastolarik handiena da: 1000 familia baino gehiago, 140 langile, 3-18 urte bitarteko hezkuntza proiektua, Batxilergoa barne.. Hori guztia nola gidatzen da?
Taldean. Zorionez, talde zoragarria daukat ondoan. Sekulako taldea gara, eta horrek lana asko errazten du.
3. Irakaskuntza faltan botatzen al duzu?
Betidanik izan naiz irakasle. Zuzendaritzan zaudenean eguneroko horretan ikasleekin duzun harreman hori ez dago, eta faltan botatzen da.
4. Vianako Erentzun ikastolarekin elkarlanean antolatu duzue Nafarroa Oinez festa. Zergatik?
Vianako ikastola prest zegoen Oinez bati heltzeko, baina ez zuten ikusten bide hori bakarrik egiteko nahikoa indar izango zutenik, eta erronka horretan haiei laguntzeko prest ea norbait egongo litzatekeen galdetu zuten. Ikastola guztiek sare bat osatzen dugu, eta sare izaera eta elkarri laguntze hori gure ADN-an dago. Beraz, laguntza eske etorri zitzaizkigunean ez genuen inolako zalantzarik izan haiekin batera bide hau hasteko.
5. Lanen banaketa erraza izan al da?
Bai. Oinezaren antolakuntzan hainbat batzorde daude; San Fermin eta Erentzun elkarrekin aritu izan gara lanean, eta denon artean ateratzen ditugu lanak aurrera.
6. Nafarroa Oinez egunera arte antolatu zenituzten ekimenak, Sanferminetako txozna... nola joan ziren?
Nafarroa Oinez egunera bitarteko ekitaldiak oso ondo joan ziren, emaitzarekin pozik gaude. Ekintza horiek aurrera ateratzeko familiek egindako esfortzua nabarmentzekoa da. Oso eskertuta gaude.
7. XXI. mendean, 2026. urtean, Nafarroa Oinez antolatzea zergatik da oraindik beharrezkoa?
Euskararen biziberritzean guztion lana da garrantzitsua. Hortik gure leloa, “Bidean bat gara”, eta gure pentsaera. Bai ikastolak eta baita euskararen alde aritzen diren beste eragile guztiak beharrezkoak dira, euskararen normalizazio eta biziberritze bide horretan oraindik bide luzea daukagulako egiteko. Eta horregatik animatu genituen ikastolaren ingurukoak eta hortik at dauden guztiak euskararen aldeko ekimen horretan parte hartzera. Azkenean, guztion helburua bera da; beraz, batu ditzagun indarrak eta joan gaitezen euskararen biziberritze horri aurrerabidea ematera. Nafarroa Oinez festak ikastolak lagundu eta aisialdi eremuan euskararekin atxikimendua azaltzeko edo emozionalki konektatzeko festak dira.
8. Goazen, Motxila 21, Trikidantz, Urtz, Korrontzi, Mugan, Xaibor, Demode Quartet, La Basu, Eztitan... gustu guztietarako programa egiten saiatu zineten.
Bai, publiko guztietara iritsi nahi genuen, adina eta gustuen arabera denek kabida izan genezan eta Oineza denok disfrutatzeko festa izan zedin.
9. Ikastoletako ikasleen Erronkak ikusmin handia pizten du.
Ikastola bakoitzak bere taldea aurkezten du. DBHko 3. eta 4. mailakoek parte hartzen dute. Nafarroa Oinezean lau proba egin zituzten eta txapeldunak sari polita lortu zuen. Adin horretako neska-mutilak Oinezean beste modu batera disfrutatzeko aukera polita da. Oso arrakastatsua izaten da, ikasleak asko inplikatzen dira.
10. Sakandarrak ongietorriak izan ziren Nafarroa Oinez festara.
Bai, noski! Denak gonbidatuta zeuden urriaren 18an Zizurren ospatu genuen euskararen aldeko jai erraldoira eta asko gerturatu ziren.
11. Nolakoak izaten dira Oinez bezperako egunak?
Oso biziak. Langileak, ikasleak, familiak... denak topera aritzen gara guneak prestatzen eta azkeneko ukituak lotzen. Etxean ere pairatzen dituzte honen ondorioak, baina hemendik aurrera pasako da. Aldi berean, inoiz baino gehiago egon gara elkarri laguntzen, eta Oineza aurrera atera genuen guztion artean.