Estreinakoz Lakuntzako Herri Eskolak Nafarpres II. Eskola Sarietan parte hartu du. Guaixeko kazetari bat bertan izan zen Ikasleak kazetari ikastaroa ematen, eta ondoren ikasleek albisteak eta elkarrizketak aurkeztu zituzten. Parte hartu zuten Nafarroako bost ikastetxetatik, Lakuntzako Malen Peña Santestebanek irabazi zuen Albiste Onenaren saria, Lakuntzan areatza: dibertigarria edo arriskutsua? artikuluarekin.
Zer kontatzen zuen zure albisteak?
Lakuntzan areazko parke bat egin zutela. Guraso batzuk ez zeuden oso ados, parkea zikintzen zelako, eta etxera area eramaten zutelako.
Nola bururatu zitzaizun?
Sarietarako albistea zeri buruz hitz egin nezakeen pentsatzen ari nintzen, eta aita amarekin ari zen eta esan zuen lagun batzuekin gai horri buruz aritu zela; guraso batzuk ez zeudela oso ados horrekin. Horren inguruan idaztea pentsatu nuen.
Nola izan zen albistearen idazketa prozesua?
Informazioa jaso nuen, ahal izan nuena.
Klaseak jasotako ikastaroa balioagarria izan zen?
Bai. Asko. Hasieran informazio guztia jasota neukan, baina ez neukan ordenatuta. Guztia nahastuta neukan. Horregatik lagundu zidan, informazioa ordenatzen jakiteko. Baita titularra asmatzeko ere.
Zer izan da zailena?
Ez dakit. Nik uste informazioa sailkatuta jartzea; garrantzitsuena zer zen jakitea.
Nafarpres Eskola irabaztea espero al zenuen?
Ez, ezer ez. Sorpresa handia hartu nuen, ez nuen espero batere ez.
Zer esan dizute?
Zorionak!
Nolakoa izan zen sari banaketa?
Ez nuen espero horrela izatea. Ez nuen imajinatu nolakoa izango zen. Gustatu zitzaidan. Alfonbra gorria-eta ez nuen espero.
Idazten jarraituko duzu?
Bai, idaztea gustatzen zait.
Aurretik idazten zenuen?
Bai. Maria Markotegi sarietan aurkezteko ere ipuinak idazten ditut. Albistea zehazki ez, baina ipuinak bai. Gustatzen zait.
Kazetaritzaren mundua gustatu zaizu?
Bai.
Eta kazetaria izatea pentsatu duzu? Zer nahi duzu izan heldua zarenean?
Egia esan, ez dut inoiz horri buruz pentsatu.
Guaixe irakurtzen zenuen? Eta orain irakurtzen duzu?
Nik ez nuen Guaixe irakurtzen; agian argazkiak ikusten nituen, baina irakurri ez. Aitak hartzen zuen, atarian egoten da beti. Begiradatxo bat botatzen nuen. Orain beste modu batean ikusten dut.