Astekaria

"Jabetu gaitezen zein pribilegio ditugun, batzuk beste batzuk baino gehiago"

Alfredo Alvaro Igoa

Zikloaren aurkezpenean hainbat erakundetako eta taldetako ordezkariak izan ziren. 

Giza eskubideen zikloa hainbat ekimenek osatzen dute, elkarlanean antolatutakoak izan direnak. Taldeetako ordezkariek bat egin zuten Lakuntzan egin zen aurkezpen jendetsuan, tartean Begoña Zestau Baraibar.

Giza eskubideen zikloa aurkeztu dute Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Sakana Harrera Harana, Felipe Rinaldi fundazioa eta boluntarioak, hainbat udal eta erakunderen laguntzaz

Zer dira giza eskubideak?
Giza eskubideak dira gizaki guztion bizitza duina izatea bermatzen edo bermatu beharko liguken babesa edo aterkia. Esaten dut beharko lukeena, zeren errealitateak esaten digu ez dela hala pasatzen askotan. Eta pertsonaren arabera, are gutxiago. Giza eskubideak unibertsalak dira sortzez. Hala izan beharko luke, baina pertsonaren jaioterriaren arabera, gizonezkoa edo emakumezkoa den, azal kolorearen arabera, migratua den edo ez, egoera sozioekonomikoaren arabera… Horien guztien arabera giza eskubideen unibertsaltasuna kolokan jartzen da askotan. Baina izatez, hori da: pertsona guztiak modu duin batez bizitzea eta berdinduko gintuzkeen aterkia edo babesa dira giza eskubideak.

Zergatik behar dute ziklo bat?
Giza eskubideek egunerokoan pertsona guztioi eragiten digutelako. Ahaztu ezin den kontu bat direlako. Giza eskubideen urraketak salatu behar direlako, haien unibertsaltasun hori aldarrikatu behar delako. Beharrezko delako jabetzea zeinen erraz urratzen diren giza eskubideak. Eta unibertsala den eskubide urraketa hori zuzenean bizi ez duenak, eskubidea baino pribilegioa du. Horren kontzientzia barneratzea oso garrantzitsua da. Zikloa abendura arte antolatu dugu, baina egunerokorako izan liteke zikloa bera.

Nola eginen duzue giza eskubideen berri zabaltzeko?
Lastailaren 23an hasi zen Arbizuko liburutegian ipuin kontaketa eta Cheick Loren Yakaar liburuaren aurkezpenak hartu zituen. Eta gaur da azken eguna, han bertan, Eskubide urratuen oihartzuna erakusketa ikusteko. Rinaldi fundazioaren giza eskubideen inguruko erakusketa da. Bi helburu ditu, batetik, giza eskubideak guztiarendako direla gogoratzea, baita guretako ere. Eta, bestetik, erakusketan giza eskubideen irakurketa kritiko bat egiten du, ez baitira beti betetzen giza eskubideak. Lok liburua ere Lakuntzan aurkeztu du. Eta abendua bitartean hainbat ekimen daude antolatuta. Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketaren sari banaketa Urdiaingo liburutegian eginen da azaroaren 19an. Lehiaketara 48 idazlan aurkeztu dira. Epaileek esan dutenez, gero eta maila handiagoa dute aurkeztutako ipuinak. Lakuntzak emakumezkoen genitalen mutilazioari buruzko ginkana hartuko du azaroaren 21ean. Giza eskubideekin lotura zuzena duen gaia da. Gainera, azaroaren 20an Haurren eta Gazteen Nazioarteko Eskubideen Eguna eta azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna da. Halako praktikak egitea emakumezkoek osasuntsu bizitzeko eskubidearen kontrako urraketa zuzena eta bortitza da. Eta abenduaren 13an elkartasun azokak izanen dira Uharte Arakilen eta Olatzagutian. Eta, batek daki, abendua bitartean posible da zikloaren egitaraua zabaltzea, sakandarrek proposamenak egiten dituztelako. Jendea parte hartzera gonbidatzen dugu.

Ubertearrak eta olaztiarrak lanean ari dira, ezta?
Hala da. Azoketarako egoera onean dauden arropa, liburu edota jostailuak eman daitezke. Osorik eta garbi egon behar dute. Uharte Arakilgo azokarako materiala udaletxean jasoko dute azaroaren 18an eta 25ean, asteazkenak, eta azaroaren 21ean eta 28an, larunbatak. Olatzagutian urte dezente daramatzagu abenduan bigarren eskuko elkartasun azoka antolatzen. Objektuen bilketa hasita dago. Ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, kultur etxean eta 17:00etatik 19:00etara Kamiogaina jubilatu elkartean. Jasotakoa sailkatu eta txukuntzeaz emakumezko olaztiar talde bat eta jubilatu elkartea arduratzen ari da. Olaztiarrak elkar ezagutzeko eta elkarrekiko zurrumurruak eta aurreiritziak desagerrarazteko balio du. Akelarre ludotekarekin batera, haurren txokoa izanen da. 4 urtetik gorakoak bakarrik egon daitezke, txikiagoak gurasoek lagunduta egon beharko dute. Sorpresak ere egon daitezke. Uharte Arakilen eta Olatzagutian jasotako dirua Yala Nafarroa Palestinarekin elkartearendako izanen da.

Zer mezu duzue sakandarrendako?
Parte har dezatela ekimenetan. Eta kontuan har dezatela bizi dugun egoera soziopolitikoa. Kontuan izan dezatela eskubideak altxor bat direla. Berdintzen gaituzten babesa izan daitezela aldarrikatu beharko genuke. Jabetu gaitezen zein pribilegio ditugun, pertsona batzuk beste batzuk baino gehiago. Eta haien unibertsaltasunaren aldarrikapenean aurrera egitea, duintasunez bizitzea pertsona guztien eskubidea delako.