Fatima Djarra

"Munduan egindako lanarekin aurrera egin dela nabari da"

Alfredo Alvaro Igoa

Fatima Djarra Sani.

Azaroaren 21ean, larunbata, jolasaren bitartez lortu nahi da emakumezkoen genitalen mutilazioaren inguruan dauden mitoak deseraiki eta ezagutzeko ginkana antolatu dute, Lakuntzan. Fatima Djarra Sani Munduko Medikuak GKEko Eskuhartze teknikari eta bitartekaria da. 

Munduko Medikuak gobernuz kanpoko elkarteak antolatuta, emakumezkoen genitalen mutilazioaren kontrako ginkana hartuko du Lakuntzak azaroaren 21ean, larunbatarekin, 17:30etik 19:30era. Elkarteak emakumezkoen genitalen mutilazioaren kontrako proiektuaren baitan dago ginkana hori.

Zenbat urte daramatzazu proiektu horretan lanean?
Nafarroan bizi diren jatorri afrikarreko pertsonekin lanean hemeretzi urte daramatzat. Horretaz aparte, profesionalak trebatzen ditut.

Zenbati eragiten die?
Munduko 230 milioi emakumezkori eta neskari baino gehiagori. Haietatik %80 afrikarrak dira. Praktika hori munduko 44 milioi neskek baino gehiago pairatu dute.

Zuen lanak eragina izan du?
Munduan egindako lanarekin aurrera egin dela nabari da. Nafarroan ere aurrera egin da. Afrikako komunitatearen komunikazio, sentsibilizazio eta praktika sufritu duten emakumezkoen akonpainamenduarekin hasi ginen. Genitalen mutilazioa izateko arriskua duten nesken babesari ere erreparatu genion hasieratik. Zeren haurdun dagoen eta hemen neska bat izan behar duen emakumezkoa, mutilazioa pairatu badu, umeak mutilazioa pairatzeko arriskua du. Kolektibo hori artatzen duten profesionalekin lan egiten du, hala haien eta elkartearen artean neskak babesten ditugu. Afrikan ere elkarte ugari lanean ari dira. Baina Afrikako populazioaren %85 landa eremuan bizi da. Baina han elkarteek ez dute botere politikorik, erlijio buruak edo tradiziozko buruak dira boterea dutenak. Esaterako, Ginea Bissaun 2011z geroztik debekatuta dago emakumezkoen genitalen mutilazioa. Baina oraindik egiten da. Erakunde asko lan egiten ari gara, baina urrutiko landa eremutara iritsi beharra dago jakiteko zergatik dagoen mutilazioa. Behartutako ezkontza ere mutilaziorako determinantea da.

Nafarroan egiten da?
Ez, sentsibilizazioa, prestakuntza dagoelako. 2008tik lan handia egin da. Informatu diegulako garrantzitsua dela neskak babestea. Hark edo besteak mutilazioa pairatu badu ere, alaba babestu beharra dute. Mutilazioaren errua ez da zure errua, ezta amarena ere, inorena. Gizarteak inposatu duen zerbait izan da. Hori bai, gertatu izan da familia berriz hemen elkartzea eta hiru urteko neskak mutilatuta iristea. Gertatu izan da.

Komunitateak dagoeneko ezagutzen gaitu, badakite hemen ezin dela mutilaziorik egin. Emakumezkoen genitalen mutilazioaren prebentziorako protokoloa 2013an onartu zen. Jendea kontziente da oporretara joan behar duenean pediatrari konpromiso ziurtagiria eskatu behar diola haurrak berarekin eramateko. Halakorik egiten ez badute eta neska mutilatzen badute, bueltatzean 6 eta 12 urte arteko espetxe zigorrari aurre egin beharko liokete. Eta kartzelan egonda ezingo liokete Afrikako familiari dirurik bidali.

Emakumezkoen genitalen mutilazioaz aritzeko, zergatik ginkana bat?
Urtetan lanean aritu ondoren, jabetu ginen Nafarroako gizartearengana iristeko modu bat behar genuela. Eta Nafarroako komunitatearengana heltzeko ginkana aukera izan zitekeela iruditu zitzaigun, jokoaren bidez iristea. Zeren emakumezkoen genitalen mutilazioaz hitz egiten dugun bakoitzean jendeak odola eta izugarrikeriekin lotzen du, gauza txarrekin. Baina sentsibilizazio lana jolasaren bidez egitean, mitoak deseraikitzean, jendeak zer den ezagutzeko balio du, komunitatearengana iristeko eta praktika hori ezagutzeko modua da.

Ginkanak non antolatzen dituzue?
Orain arte ikastetxeetan eta osasun zentroetan antolatu izan dugu bakarrik. Baina komunitateari hurbiltzea, herrietan antolatzea erabaki genuen, komunitatearengana iristeko jolas jarduera baten bidez. Lakuntza izanen da ginkana antolatzen dugun aurreneko herria.

Non eginen da?
Eguraldiak lagunduko balu, herrian barna bost gune egonen lirateke. Elvira Turumbay Sainz plazan, emagin lakuntzarra oroitzen den lekuan, hasiko da ginkana. Eskola, Biltoki, beste plaza batetik pasa ondoren, herriko plazan despedituko da ginkana. Euria egingo balu, kultur etxean izanen litzateke.

Nola?
Lehiaketa moduko bat da. Parte hartzaileak gunez gune joango dira eta bakoitzean zerbait azalduko diete: Batean mitoa zer den azalduko da, zer den mutilazioa bestean… Parte hartzaileek pasaporte bat izanen dute eta gune bakoitzean zigilua jarriko diote, gune guztiak osatu beharko dira. Bukaera Afrikako mapa bat da. Irabazleek saritxo bat jasoko dute.

Zeini zuzenduta dago?
14 urtetik gorakoendako da ginkana.