Pello Salaburu Etxeberria euskaltzain emeritu izatera pasa zen garilaren 3an, 75 urte bete baitzituen. Euskaltzaindiak hura ordezkatzeko hautagaitza bakarra aurkeztu zen, Ekaitz Santazilia Salvador lakuntzarrarena.
Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna lortuz gero, Bilboko Euskal Museoan azaroan egingo den osoko bilkuran jakingo da Santazilia euskaltzain oso den. Hala balitz, bigarren sakandarra litzateke, Castillo Suarez Garcia altsasuarrarekin batera. Bestalde, Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriarra euskaltzain urgazlea da 2006ko maiatzaren 26tik. Euskalkien lantaldean ari da lanean.
Profila
Santazilia euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Euskal Filologia, baita Hizkuntzalaritzako masterra eta doktoretza ere. Gaur egun Euskal Filologia alorreko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Bestetik, Nafarroako Gobernuko Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria izan da orain dela gutxi arte. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko partaidea da, baita NUPeko I-COMMUNITAS - Institute for Advanced Social Research institutuko eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrako kidea ere. Gainera, Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Elkartearen sortzailetako bat izan zen, eta Nafar Ateneoan Euskara alorreko eleduna ere bai. Euskararen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa bereziki, eta, horren barnean, dokumentu zaharrak, dialektologia, soziolinguistika eta hizkuntzalaritza historikoa ditu aztergai. Euskal testu zahar franko aurkitu eta editatu ditu, eta aipatu gaiekin lotutako lan ugari argitaratzeaz aparte, hainbat ikerketa proiektutan eta biltzar akademikotan ere ari izan da.
Santazilia izan zen Altsasuko elizako paretan XVII. mendean idatzitako hiru grabatuak aztertu zituen hizkuntzalaria. Euskarazko epigrafe horien azterketa Euskal Herriko Unibertsitatearen Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" aldizkarian argitaratu zuen lastailaren 2an.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2024ko maiatzaren 31n. Akademiaren aginduz, zenbait lan egin ditu, esate baterako Zildozko Perutxeneko euskal predikuak agertzeko hitzaldia eta erakusketa atondu zituen, Erredingo Luiseneko euskal predikuak ere bai, eta laster argia ikusiko duen Joan Beriainen 1626ko kristau-dotrinaren edizio kritikoa eta erakusketa prestatu ditu.