Energia kudeaketa jasangarriari buruzko jardunaldia

Guaixe 2017ko aza. 7a, 18:05

Udalen energia diagnostikoaren aurkezpena

Energia modu jasangarrian kudeatzeko hiru adibide emanen dituzte asteazkenean, 17:00etan, Lizarragako kontzeju-etxean.

Sakanako Garapen Agentziak Nafarroako Gobernuaren eskariz antolatu du energia kudeaketa jasangarriari buruzko jardunaldia. Biharko saioan, hasteko eta behin, Lizarragan jarri nahi den energia sortzeko mikro-sarea zertan datzan azalduko da. Ur biltegi zaharra eta kanposantu ondoan eginen den beste bat elkarri lotu eta batetik bestera ura ibilaraziz energia nola sortu nahi den azalduko dute.

Herriko esperientziaren berri eman ondoren energia kudeaketa sistema eta software berriak martxan jarri dituzten bi eredu azalduko dituzte. Batetik, eMenhir tresna, Gipuzkoako zenbait herritan martxan jarri dena eta, bestetik, Leitzako udalaren energia plana. Azken hori Esetek enpresak egin du eta 2020rako gastua, energia kontsumoa eta CO2 emisioak murrizteko helburua jarri du.

Nafarroako Gobernuak 2030 Nafarroako Energia Planak, besteak beste, herritarren artean beste energia-kultura sustatzea du helburu. Horretarako, prestakuntza, informazioa, sentsibilizazioa eta hiritarren parte hartzea sustatuz. Foru administrazioak herrialdean barna energia sentsibilizazio eta zabalkundeko aurreneko jardunaldia antolatu du eta Lizarragako saioa hor kokatzen da. Saio horietan, besteak beste, mugikortasun jasangarria, autokontsumoa edo energia berriztagarriak landuko dira.