Argindarra sortzeko mikro-sarea sortzea izan zen lehenik, 2017an. Argiteria publikoko bonbillak kendu eta LED argiekin ordezkatzea izan da aurten. Eta heldu den urteko inbertsio nagusia medikuaren etxeko beheko solairuan ostatua eta denda egitea izanen da. Hiru urte eta hiru inbertsio. Azken horregatik 185.820 eurora arte handitu da Lizarragako Kontzejuko aurrekontua.
Xabier Senar Veiga kontzeju-buruak jakinarazi digunez, 100.000 euroko aurrekontua duten lanen erdia Europako Landa Garapeneko programaren bidez pagatuko da. Beste erdia pagatzeko kontzejuak bi baso aprobetxamendu “majo” salduko ditu. Lanak otsailerako despeditu nahi lituzkete, eta Aste Santurako zabaldu. Baina ikusteko dago altzariekin janzteko lanak zenbat luzatzen diren. Bestelako inbertsiorik ez dute aurreikusten kontzejuan, bideren baten zatia konpontzeko aukera baztertzen ez badute ere.