Garai batean herriko karrika bakoitzeko su bana pizten bazen, zazpi hain zuzen ere, igandean Intxorreta kaleko aldamenak izanen dira Lizarragan udako solstizioa ospatuko dutenak. Afari-merienda eginen dute aurrena eta iluntzean Ergoienako udaletxearen parean sua piztuko dute eta haren gainean saltoka ibiliko dira.
Lizarragan su gainean saltatzerakoan esateko makina bat esaera dituzte: purrin San Juan edo ipurdin San Juan. Eta haien ondoren beste esaldi batzuk etor zitezkeen: salero pepe; Unanuko tripotak lehertzeko; Etxarriko tripotak lehertzeko; Lizerraakuek aungi izeteko; Lizerrakuek aungi atiatzeko; subiek ez piketzeko; ergun idiyek ez ozka itteko; tximitxek ez pikatzeko; arkokosuek ez pikatzeko; zorriyek eta partzak hiltzeko…