San Adrian. Hura ospatzen den Sakanako herrietan, Etxarri Aranatzen eta Lizarragan, San Adrin. Bietan ere San Adringo ermitte dago. Garai batean san adriñek edo san adriñetako festak Lizarragako ospakizun txikiak ziren. Sanklementak ziren festa handiak. Baina gauzak aldatu direla esan digu Joxe Navarro Navarrok: “Lehen San Klemente gehiago, baina orain San Adrin. Baina, estimazio handia”. Haren anaia Antoniok laburbildu duenez: “meza entzun, gosaldu eta goittik behera. Orain, zer festa egiten den!”
Navarrok azaldu duenez, “badira urte sail bat larunbatean egiten dena. Aurrerago igandean. Eta aurrerago-aurrerago, beti bere egunean. Igandera aldatu zen, baina ikusi zenean hobe zela larunbatean ospatzea, larunbatera aldatu zen. Orain hiru egun egiten dira, baina lehen bakarra. Gotzainaren aginduz, jai egiteko eguna zen”.
Mikaela, Antonio eta Joxe Otxoliñena etxean.
Dokumentuak
Hala dela erakusten duten paperen kopiak jasoak ditu Navarrok. Jose Agustin Garziandiak Garai bateko Unanuko oiturak eta olgak (Ausopa, 2004) liburuan jasoa du agiria. 1714ko garagarrilaren 10ean Pedro Aguado gotzaina Etxarri Aranatzen bisitan zegoen eta ergondarrak baimen eskaera batetik bisitan joan zitzaizkion: San Adrian (garagarrilaren 16an) eta San Donato (agorrilaren 7an) egunetan jai egitea. Zergatik? “Eguraldi lasaitasunagatik eta premiazko beste beharretan Jainkoarengandik lortu ditugun onura handiak kontuan hartuta. Martiri Santuen bidez Jainkoari eskatzera jo baitugu”.
Ergoienako notario Felix de Irigoyenek 1714ko garagarrilaren 30eko agirian jaso zuenez, gotzainak horretarako baimena eman zien. Baina baimena ematearekin batera Aguadok ohartarazpena ere egin zien erguendarrei: “Santu horien gurtza areagotu besterik ez da egin behar, eta ez da otordu edo gehiegikeriarik egin behar. Horrelakorik eginez gero, indar osoz zigortuko litzateke”.
Agiriaren datari erreparatuta, Navarrok esan du erromeria 1715etik ospatzen dela. Eta dokumentuan jasotako zehaztasun bati erreparatu dio: ergoendarrek gotzainari esan zioten Ergoienan bi ermita zeudela, San Adrian eta San Donato. Hau da, ermitak beraiek eginak zirela. Hiru herriendako egin zen ospakizuna. Baina “aspaldiko urteetan unenuar eta dorrobarrak ez dira etortzen. Bakarren bat edo beste bai, baina lehen hiru herrien festa zen. Eta San Donato ere bai”. Navarrok esan duenez, “ez dakigu orain dela zenbat urte baina bi hil egin omen ziren, oinez bueltan heldu zirela, bargan behera botata. Lizarragan data horretan hildako jenderik ez dago. Ni nago, eta bakarren batek esanda gainera, unenuarrak zirela. Orduan hiru herriak igotzen ziren”.
Ermitaz
Gaur egun San Adrian festetako “prinzipalena” erromeria da. “Bazkaltzera igotzen da. Han meza izaten da 12:00etan. Oraindik jende gehiena joaten da mezara. Gero bazkaldu. Bazkalduta, lehen denbora asko egoten zen, baina orain lixto xamar, 17:00ak aldera, etxera. Erromeritik jaisten denean, jendea nahikoa berotuta gainera, kalean Lizarragako lehengo dantza klaseak egiten dira”. Navarrok azaldu duenez, “erromeri egunean ayuntamentuari eta apaizari bazkaria famili batek ematen dio. Karrika batek orain San Adrian izena du, bost edo sei etxe, eta hango etxetako famili batek urtean behin ematen du”.
Santuaren irudia urte guztia ermitan egoten da baina herrira bederatziurrena egiteko jaisten dute eta erromeria egunean atzera igotzen dute, ermitan uzteko. Ermita giltzez itxita egoten da, ez horrela mendebaldean duen aterpea. Ermita malkar gainean, “han goittin dago Goi-Goikoarengandik gertuago egoteko” dagoela esan digu Navarrok eta gaineratu du, “alde guztietara ere, Lizarragakoa da, urak Lizarragara doazelako. Ez dago mendian. Hala dio agiriak”. San Adrin ermita konpondu behar bada auzolanean konpontzen dute lizerratarrek. Konponketa asko egin dira ermitan, “azkena orain dela ez asko”.
Navarrok azaldu duenez, “ermita Fiteroko San Raimundoren aginduz eginen zen ziurrenik, 1200 urte aldera, XIII. mendean-edo, mendikoak behintzat. Herrietakoak lehenagokoak izanen dira, zeren San Donato ermita (herri sarreran dago) Adiako parrokia izan zen. Eta San Migel ere bai. Lizarragakoa izanen zen segur aski, baina, ez ba jakin. Herria beitti zegoen. Nik buruan dut orain eliza dagoen tokian ermita egonen zela, parrokia, baina hori…” Fiteroko San Raimundoren aginduz ermita asko egin ziren. “Ni ez naiz oso entenditua, baina pentsatzekoa da orduan egindakoak izanen zirela mendiko ermitak”.
Lizarragako, Etxarri Aranazko eta Zegamako San Adrin guztiak mendian edo basoan daude. Irantzukoa garai batean ere San Adrian zela entzuna du Navarrok. Sainduen eskuan aizkora ikustean jendeak basoarekin lotzen du. Antonioren iritziz, “ikazkina izanen zen, irudiek aizkora eta egur bat dutelako”. Joxek aitzera du “aizkorak esan nahi du eskuak aizkoraz moztu zizkiotela. Horregatik daramatza aizkora eta martirioaren palma-adarra”.
Jendeaz
Gaur egun ermitak duen aterpea “egin berria da 20-25 urte edo. Lehen borda bat zegoen. Hango harri batzuekin egin zuten ermitatik 80 bat metrora dagoen aldarea, eguraldiak laguntzen duen San Adrin egunetan meza emateko erabiltzen dena. Borda hura aziendarendako zen, abaro egoteko, gauean hotz egitean… Horretarako izanen zen. Baina ekaitza izanez gero, ba…” Bertako eta kanpoko azienda hartuko zuen borda hark, abelbidea handik pasatzen baitzen, “Bakaikuko portutik Erriberaraino”. Navarrok azaldu digunez, “orain ere Erriberatik ganadua etortzen da, Erriberatik borruek (txurra, merinoa edo rasa ardiak), baina saldo handiak, 4.000 eta 5.000koak. Santiagoak pasatzen zirenean listo joaten ziren Erriberara, ibintzeetara (uzta jaso ondoren soroan gelditzen gari eta garagar hondarrak jatera)”. Artaldeekin eta jendea ere etortzen zen, batez ere Araitz aldetik, hala esan du Navarrok. “Gipuzkoatik-eta ez. Bestela bertako herriren batean etxea hartuta egon behar zuten”.
Mendian izaten ziren artzainak mezatara Zunbeltzera joaten zirela azaldu digu Navarrok: “San Jose egunetik azarora edo abendura arte, igandero, meza egoten zen. Artzain bakoitzak arkume bat edo haren baliokidea eman behar zuen”. Lezaunerako bidean, errepidearen eskuineko bazterrean, Zunbelzko bentaren eta San Benito eta Elurretako Ama Birjina ermitaren arrastoak gelditzen dira.
Andian, Goñi gainean, Santa Kiteria ermita zegoen eta hara ere “hemendik erromerian joaten ziren, ez dakit zein egunetan”. Rafael Carasatorrek Barranca-Burunda (egilea ekoizle, 1993) liburuan aipatzen duenez, erguendarrak prozesioan joaten ziren maiatzaren 22an edo Pentekostesko Pazkoako bigarren egunean. Bueltan 10 ardo “cantaro” edaten zituzten. Edaria pagatzeko dirua Utzuako errota alokairutik ateratzen zuten. Lizarraga Ergoienako euskara (Nafarroako Gobernua, 2008) liburuan jasotako esaera zaharren artean dago “Santa Kiteria, kitame la kakeria”. Hara erromerian joateko ohitura aurreragotik zetorren Aranatzek Sakana erdialdeko sei herri batzen zituenekoa. Erromeria bateratu gehiago ere egiten zituzten (ikus liburuko Mundiñano sarrera).
Aranazko herritarrak udaberriko egun batean herri guztietako ermita guztiak bisitatzen zituztela ere gogorarazi digu Navarrok: “prozesioan joaten ziren eta apaizak soroak eta uztak bedeinkatzen zituen”. Antonio anaiak hori ere Lizarragan ezagutu dutela gaineratu du. Maiatzeko Gurutzean, maiatzaren 3an egiten zen.
Mendiko ermitak
Beriaingo San Donato, Iturgoiengo Trinitatea, Aranaratxeko San Lorenzo, Larraonako San Benito, Eulatekoa den eta Urbasako saroian dagoen Nunilo eta Alodia ermita, handik gertu dago Urbasako jauregia eta bere barruan Santo Cristo de las Agonias-i eskainitako basilika, Bakaikuko eta Iturmendiko Trinitatea eta Lizarragako San Adrian. Horiek dira gaur egun Urbasa-Andian dauden ermitak. Guztiak ere malkor gainean kokatuak.
Andian bertan, Lizarragako portua Lezaunerantz jaisten, aurreneko errebuelta handian Ingiriko bidea dago. Handik aurrera eginez iristen da Ikomarrera. Gaur egun ur baltsa dago han, baina Anunziazio ermita ere egon zen eta igande eta jai egunetan artzainak joaten ziren. Aurri egoeran gelditu zen eta irudia Argiñanoko elizara eraman zuten. 1682an konpontzeko baimena eskatu zuen Andiako Andra Mariko abadeak.
Abelbideak
Aziendak batetik bestera mugitzeko bideei hots egiten zaie abelbideak. Hainbat motakoak zeuden eta nagusiak errege-abelbideak ziren. Horietako hiruk azienda Urbasa-Andiara eramateko balio zuten. Luzeetan, 135 km, Tauste, Bardeak, Caparroso, Tafalla, Larraga eta Zunbeltz lotzen zituen. Mendabia ondoko Imas abeltegia eta Irantzuko monasterioa lotzen zituen 31 km zituen beste abelbide batek. Eta, azkenik, Orba ibarra eta Andia lotzen zituen 51 km-ko abelbidea dago. Migel Berastegi artzain lizarratarrak Maria amari entzundakoa gogorarazi digu: “Lizarra aldetik Iruñerantz zezenak pasatzen ikusi zituzten”.
Azienda goian egonda, artzainek mendiko bizitza egiten zuten. Horretarako, jaso zituzten etxolak, saroiak edo itxiturak. Batzuk lezeen ahoan, San Adriandik gertu dagoen Lezandikoan, esaterako. Abeltzaintza han hasiko zela dio Carasatorrek liburuan. Aipatutako ermitaren parean, 30 metro hegoalderantz, aziendarendako borda handi bat zegoen, 255 metro karratu inguru zituena. XX. mendeko 70eko hamarkadarako teilatu zatiak eroriak zituen. 80. hamarkada hasieran pareta batzuk zutik gelditzen ziren eta aldamenean aterpe txiki bat zegoen. Mendea bukatu aurretik bordaren arrastoak lurrarekin berdindu zituzten.
Luis Azpilikuetak eta Jose Maria Domenechek El parque natural de Urbasa-Andia (Nafarroako Gobernua eta CAN, 1998) liburuan diotenez, Lizarragako portutik San Adrianera daraman ibar txikiak, Ollide, Ollobideren laburdura izan daiteke. Ollo ibarrean zegoen Artetako gatzaga eta Olatzagutiako portua lotuko zuen gatz-bidearen zati izanen zela zehaztu dute.
Festa egutegia
Garagarrilak 19-21 San Adrian.
Agorrilak 15 Arleze eguna.
Azaroak 23 San Klemente.