Lizarragako Kontzejuak Bargazpi Etxea taberna-jatetxea 2019ko garagarrilaren 9an mustu zuen, igandearekin. Ostalaritza zerbitzuaren kudeaketa bost urterako eman zuen kontzejuak. Epe hori aurten despeditzen da, eta legeari jarraituz Lizarragako Kontzejuak taberna-jatetxearen kudeaketa emateko deialdia egitera behartuta dago. Deialdian interesa duenak dokumentazioa eta negozio-ereduaren proposamena apirilaren 5eko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko du Ergoienako udaletxean.
Proposamenak negozio-ereduaren berri eman beharko du, hau da, taberna-jatetxe zerbitzua eskaintzeko modua, sukalde-mota, egutegia eta irekiera-ordutegia, hura eramango duen pertsona taldea eta dinamizatzeko erabiliko diren jarduera motak. Bestalde, kontzejuak oraingoan taberna-jatetxearen gestioa hiru urterako eman nahi du. Beste bi urtez luzatu daiteke kontratua kudeatzaileak aldez aurretik kontzejuari hala eskatzen badio, eta hura ados badago. Lizarragako taberna-jatetxearen kudeaketa eskuratzen interesa duenak ostalaritzako lanetan gutxienez bi urteko esperientzia erakutsi beharko du, bai bere kontura, bai besteren kontura.
Ostalaritza azpiegitura hartzen duenak urtero lau egunetan jan-edanak eman beharko ditu: San Adrian festetako astelehenean udalbatzari afaria ematea, Arleze egunean mendian eginen den gosaria prestatzea, San Klemente festetako jubilatuei bazkaria eskaintzea eta auzolan batean parte hartzen dutenendako bazkaria egitea. Egun bakoitzeko pertsona kopurua eta plater bakoitzaren balioa zehaztuta dago deialdian. Horrekin batera, kudeatzaileak urtean bitan kultura jarduerak antolatu beharko ditu. Horren truke jasoko du kudeaketa, inolako dirurik ordaindu behar izan gabe. Deialdiaren berri ergoiena.eus webgunean dago.
Bargazpi
Ostalaritza zerbitzua San Migel karrikaren 18. zenbakian dago, herria zeharkatzen duen NA-120 errepidearen ertzean dago. Guztira 134,5 metro erabilgarri ditu taberna-jatetxeak horrela banatuta: mahaiendako tokia, komunak, barra, sukaldea eta aldamenean itsatsia dagoen eraikinean biltegia eta erabilera anitzeko gela daude.
Lizarragako Kontzejuak herrian hurbileko zerbitzuak beharrezkoak zirelakoan, Bargazpi etxearen beheko aldea birgaitzea sustatu zuen. Obraren bidez, taberna-jatetxe zerbitzuak eskainiko zituen gizarte zentro bat prestatu zuen. Gune hori ez da zerbitzu gune bat bakarrik, aisialdirako eta kulturarako gunea ere bada, lizerratarren gizarte topaketa errazteko. Medikuarena zen etxeko beheko solairua konpontzeko 100.000 euro inguruko inbertsioa egin zuen. Horretarako, 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren laguntza jaso zuen, aurrekontuaren erdia.