San Pedrori eskainita dago Lizarragabengoako eliza, 1911n jasotakoa. Sakanako eliz bakarra da herriarena dena. Markesaren aginduz jaso baitzuten. Berau Silveria Zubizarreta ataundarra zen, eta herria bere jabetzakoa zen. Lizarragabengoak aurten 90 beteko ditu burujabe dela. Izan ere, bederatzi familiak Silveria Zubizarreta ataundarrari, markesari, herria erosi zioten majo pagatuta. Familia bakoitzak orduko 15.000 pezeta (90,15 euro) ordaindu zizkion. Lurrak, etxeak eta eliza eskuratu zituzten.
Egutegian gorriz markatutako festa bat izan zen garagarrilaren edo ekainaren 29a, San Pedro eguna, 1977ra arte. Ordura arte Lizarrengotarrek ez zuten arazorik herriko festen data zein zen zehazteko. Izan ere, urtero egutegi berriarekin batera zehaztuta etortzen zen. Garai hartan bi egun irauten zuten festek. Egokitu beharra zegoen eta Lizarragabengoako festak asteburura aldatu zituzten. Larunbatean eta igandean ospatzen ziren hasiera batean, gaur egun, berriz, ostiral arratsaldean abiarazten dituzte eta igande iluntzera arte irauten dute. Honakoa festa asteburua da Lizarragabengoan.
Aldameneko herritarrek bazuten Lizarragabengoako festetara joateko joera. Bide motzena zelakoan, etxarriarren batzuk trenbidetik barna joaten omen ziren. Eta haiek kinkurraundi ospea zuten, asko edan eta jatearena.
Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen dituen Ahotsak.eus webgunean Juan Flores Galarza zenaren grabazioa dago. Hark kontatu zuenez, festetan jateko axuriren bat erosten zutela. Etxarri Aranatzen feriak hilabeteko 5, 15 eta 25 egunetan izaten ziren, urte guztian. Beste etxe batzuetan festetarako hazi egiten zuten. Floresek gaineratu zuenez, "Etxarri Aranazko banda joaten zen musika jotzera Lizarragabengoara". Pentsatzekoa da gaur egun bezala, orduan ere etxez etxeko errondan ibiliko zirela. Musikariren bat lagun kantari ariko ziren. Jakina, gizonak. Garai hartako gizartean etxeko lanen ardura guztia emakumezkoen bizkar baitzegoen. Musika emanaldiren bat edo ikuskizunen bat zegoenetan, eta dantzaldian bai, han emakumezkoak izaten ziren, dantzan. Jota eta porrusaldak dantzatzen jende ugari izaten zen, adin guztietako.
Webgune berak Felisa Razkin Lakuntza arbizuarrari egindako elkarrizketa jasoa du. Araña dermiora belarretara joaten ziren. "Lizarragabengoan festak, eta han gelditzen ginen". Aitari esan omen zion sikiera baso erdia eskatzeko, ea ematen zioten.