Prolandegian hondakinak balioztatzearen ondorioz eraginak jasan ditzaketen Arabako Lautadako, Lizarraldeako eta Sakanako alkateekin harremanetan jarriko da gaurdanik Gurutze Rodriguez, Olatzagutiko alkatea. Guztien artean hondakinen errausketaren edo balorizazioaren arteko manifestu bat adostea du helburu kontaktu erronda horrek. Baita guztiek Nafarroako Gobernuari eskatzea Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Integratu (HHKPI) berria parte hartzearen bidez egin dezala.
Tafallaldean errauskailu bat egitea aurreikusten zuen aurreko HHKPI Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen. Gobernuak berak halakorik ez duela eginen aurreratu du. Antza, gizartearen eta erakundeen kontrako jarreragatik. “Kontrako jarrera argien erakutsi duten tokian jarri nahi izatea ez da onargarria. Eskualdearekiko diskriminatzailea litzateke”.
Rodriguezek, bestalde, foru administrazioari eskatu dio baliorik gabe utz dezala porlandegian hondakinak erretzeko aukera ematen duen Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala. “Epaitegiek esana dute halako azpiegituren kokapena ezin direla ekimen pribatuaren esku utzi”. Alkateak nabarmendu duenez, “porlandegian erraustea salbuespenezko bide bat erabiliz inposatu nahi digute, Olatzagutiko udal araudien gainetik bidegabeki eta basatiki pasaz”.
Helegiteak
Porlandegian erraustearen kontra Olatzagutiko Udalak hiru helegite jarriak ditu Nafarroako Auzitegi Gorenan. Eta 2011n jarritako beste baten epaiaren zain dago. Udalak bezala, Sustrai Erakuntzak eta Sakanako Mankomunitateak ere helegitea jarrita dute Iruñeko auzitegian.