Urrezko txoriak

Guaixe 2016ko abe. 13a, 13:19

Raul Lopez “Patxu”-k 11 txori aurkeztu ditu Nafarroako Ornitologia Erakusketa-Lehiaketara eta 6 domina ekarri ditu. Horretaz gain, bere txori batek Nafarroako txori onenaren izendapena jaso du, fauna, exotiko eta hibridoen atalean

Nafarroako Ornitologia Erakusketa-Lehiaketaren 50. urteurren txapelketa antolatu zuen, aurreko astean, Nafarroako Kanarilarien Elkarte Ornitologikoak Burlatako Uranga Jauregian.

Txori hazleek 955 txori apuntatu zituzten txapelketan. Tartean, Raul Lopez “Patxu” olaztiarrak 11 txori eraman zituen aipatu lehiaketara. Txoriak ostiralean eman zituzten Burlatako Uranja Jauregira eta bertan egon ziren ikusgai, larunbatera arte. Epaileek ikuskatu eta epaitu ondoren, larunbatean eman ziren sariak. Raul Lopez “Patxu” oso kontentu dago, guztira 7 sari ekarri dituelako. Urrezko bi izendapen, zilarrezko bi izendapen eta brontzezko beste bi izendapen jaso ditu Olaztiko txori hazleak. Txoriena oso mundu konplexua da. “500 espezie daude, pentsa. Nik 9 kanario txirriskila edo berderoi eraman nituen, eta bi hibrido edo misto. Txirriskila edo berderoietan bi urrezko izendapen, bi zilarrezko eta brontzezko bat jaso ditut. Eta urrezko izendapena jaso zuen kanario isabela txirriskilak edo berderoiak Nafarroako txori onenaren izendapena jaso zuen fauna, exotiko eta hibridroen atalean” azaldu digu Patxuk. Horretaz gain, kanario hibridoetan ere brontzezko izendapen bat jaso zuen.

Gustuko duelako, afizioz hazten ditu txoriak, bereziki kanarioak, Patxuk. “Ez nuen inondik inora izendapen horiek guztiak lortzea eta irabaztea espero. Pozik nago. Txapelketetan sariak izatea asko nabaritzen da. Hazle gehiago datorkizu txoriak erostera, edo egiten duzunaz interesatzera, txorien balioa igotzen da… Asteburuan Iruñeko txapelketa izango da, eta azken ordura arte ez dut jakinen parte hartu ahal izango dudan ala ez” aitortu du.

www.canaricultoresnavarra.com
Aipatu lehiaketaren inguruko informazioa.

 

 

 

 

Erlazionatuak

Raul Lopez: "200 kanario inguru izango ditut"

Erkuden Ruiz Barroso 2015 aza 13 Olazti