Olatzagutiko Gure Esku Dagok ehun bat herritarren aurrean aurkeztu zuen bere burua, eta bere erronka, larunbat eguerdian. Urte eta erdi da sortu zela Olatzagutiko Gure Esku Dago taldea. Adin guztietako dozena bat olaztiar daude, bat ez beste guztiak emakumezkoak. Orain arte informazioa jasotzen ibili dira. Baina lurraldetasunari buruzko herri galdeketa egiteko urratsa eman dute. Horren berri eman zuten larunbatean eta olaztiarrei galdeketa aurrera ateratzeko laguntza eskatu zieten. Gurutzek esan zigunez, “erronka eta lan handia da eta guk bakarrik ezin dugu aurrera eraman”.
Galdeketa egin aurretik “olaztiarren parte hartzea sustatuko duten hainbat motako ekintza egiteko asmoa dugu”, esan digu Garazik. Eta horretarako behar dituzte laguntzaileak. Hastear diren sinadura bilketan laguntzea litzateke aurreneko lana. Garazik aitortu duenez, “zenbat eta gehiagok sinatu, ondoren botoa ematera gehiago joanen direla pentsatzen dugu”. Galdeketako errolda 1.200 bat pertsonek osatuko dute. Gure Esku Dagoren protokoloaren arabera erroldaren %10eko sinadurak jaso behar dituzte, baina 300 edo 400 jaso nahi lituzketela esan digu Garazik.
Galdeketa egin ondoren, herrian utzi nahi luketen ondareaz galdetuta, Gurutzek esan digu: “herrian ohitura bat hartzea, beste gaiak aurrera eramateko, denon artean. Edozer gauzetarako gai garela. Garazik, bestetik, “herritarren aktibitatea pixka bat berpiztu; kolaborazioa, parte hartzea berriz ere martxan jarri herri honetan. Ekintza herritarra da hau, erakundeek galdeketa ofiziala egin dezaten oinarria da hau”.
Udaberrian
Galdeketan eginen den galdera olaztiarrek beraiek aukeratu beharko dute. Galdeketa egin behar den Sakanako gainontzeko herrietan bezala olaztiarrek udaberria aipatzen dute hura egiteko. Gure Esku Dagok Iruñean egindako agerraldian, larunbatean, 2017rako hiru galdeketa “olatu nagusi” izanen direla jakinarazi zuen: martxoaren 19an, maiatzaren 7an edo garagarrilaren 18an. Azken bi datetako batean eginen dira Sakanan.
ged.olazti@gmail.com
e-posta helbide horren bidez jarri daiteke Olatzagutiko Gure Esku Dago taldearekin harremanetan.