Domingo Bados eskolako hezkuntza komunitate guztia elkartu zuen ospakizuna izan zen larunbatean ospatu zena. Ikasle, ikasle-ohi, guraso, irakasle, udal ordezkariak eta hainbat olaztiar izan ziren D ereduaren 25. urteurreneko egitarauaz gozatu zutenak.
Hura zabaltzeko egin zen ekitaldian Mikel Azkargorta Boal alkateak D ereduaren sustatzaileak gogoan izan zituen eta udalak eskolarekin elkarlanean segituko duela ziurtatu zuen: "hezkuntza komunitatearekin euskara bultzatzen eta beste arlo batzuetan herri hobea eraikitzen". Olaztiarrek duten erronka ere aipatu zuen, "euskara eskolatik eta etxeetatik kalera ateratzea".
Euskarazko irakaskuntzan bidea zabaldu zuen ikastolak eta, horregatik, gonbidatu zuten Iñigo Aritza ikastolako presidente Eneida Carreño Mundiñano. Hark gogorarazi zuen Sakanako aurreneko ikastola Olatzagutian sortu zela 1969an, duela 49 urte. Ikastolen eredua kooperatibista eta haren balioak nabarmendu zituen.
Eskolako zuzendari Emma Martinezek esan zuen "gure herrietan eta Nafarroan euskara bultzatzeko eskolek eta ikastolek bidelagun" izan behar dutela. Esker oneko hitzak izan zituen D ereduan izena eman zuten aurreneko sei familiei eta aurreneko irakasleei. Zuzendariak eskerrak eman zizkien eskola aurrera eramatea posible egiten duten gurasoei, irakasleei eta udalari. Zuzendariak hainbat galdera erantzun zizkigun ondoren:
Zergatik ospakizuna?
Izugarrizko lorpena iruditzen zaigulako, bide luze bat egin delako hau lortzeko, esfortzu eta apustu handi bat egin zelako, eskola publiko bat erabat euskalduna izateko eta eskerrak eman nahi genizkion guztia posible egin duten eragile guztiei, bereziki apustua egin zuten familiei.
Bestetik, gaur egun Olaztiko eskolan 7 nazionalitate ezberdineko ikasleak ditugu eta denak euskaldunak dira. Asko urtean zehar etortzen badira ere, denek Lehen Hezkuntza bukatzean euskaldunak dira. Beste batzuk hemen jaioak dira gurasoak kanpokoak badira ere, eta oso pozgarria da egoera desberdinengatik etorritako haurrak euskaldunak izatea.
Zein izan ziren arrazoiak 1992-1993 ikasturtean D eredua jartzeko?
Hezkuntza Departamentuak aukera eman zuen eta 6 familiek baiezkoa eman zuten, eskola publiko eta euskaldun baten alde apustu egin zuten. Departamentuak hasieran ezezkoa eman zien, baina Guadalupe zuzendariaren eskaerari eta bitartekaritzari eta familien presioari esker lortu zen D eredua. Hasiera batean ikastolan bezala, ordaindu behar izan zuten. Eta ondoren dirua bueltatu zieten. Aurreneko ikasleak klasean zeuden bitartean, udalari esker, gurasoek 09:00etatik 11:00etara euskara ikasteko aukera eskaini baitzien ikasturte hartan. Eta hala egin zuten.
Zer nolako harrera izan zuen?
Ana Fuste, Joseba Saez, Alberto Sobredo, Javier Barrenetxea, Itzara Agirre eta Unai Ezker izan ziren lehen ikasleak. Haien aurreneko irakaslea Arronizko Maite izan zen. Gero Arbizuko Ramoni, Idoia eta Lakuntzako Arantxa etorri ziren. Gurasoek irakasle horien oso oroitzapen ona dute eta esperientzia oso aberasgarria izan zela kontatzen du Ana Lasak, Barrenetxearen amak, datu guzti hauek eman dizkigunak.
Zein osasuna du D ereduak Domingo Bados eskolan gaur egun?
Dagoeneko 113 ikasle ditugu, guztiak D ereduan. Euskararen erabilera bultzatzeko lanean jarraitzen dugu. Horregatik, hezkuntza komunitate bat garenez, batzorde bat sortu da euskara eskolaz kanpo bultzatzeko, bertan alkatea, euskara taldeko bi gazte, eskolako irakasleak, gurasoak, ludoteka… daude. Horretaz aparte, eskola txikietako beste eskolekin, Sakanako Mankomunitatearekin, Sortzenekin… harreman zuzena dugu euskararen erabilpena bultzatzeko esparru desberdinetan.
Eta hori ospatu beharra dago, ezta?
Jakina, euskara bultzatzea eta kontzientzia hartzea benetan zein garrantzitsua den, euskaraz sentitzea, pentsatzea eta hitz egitea, beti da ospatzeko arrazoia.
Nola egin nahi izan duzue?
Hainbat eragilerekin egindako lana konpartituz. Benetan eskertuz ikastolei irekitako bidea, eskertuz duela 25 urte 5 famili horiei ere irekitako aukera eta bide hori egin duten eragile guztiei. Euskararekiko zuten maitasuna adierazi eta transmititzeko gai izan direlako eta gaur egun 113 haurrek aukera dutelako euskaraz bizitzeko.
Zeinek antolatu du ospakizuna?
Jende asko aritu da prestakuntzan eta antolaketan. Eskolako irakasle eta zuzendaritza taldea, udaleko kultur teknikaria, alkatea, gurasoak azpimarratu nahi ditugu, hainbat esparrutan aritu direlako (jatekoak prestatzen eta antolatzen, aspaldiko argazkiak lortzen, Ana Lasa bezalako amekin hitz egiten duela 25 urtekoak nola izan ziren jakin ahal izateko, jolasak ,ginkana eta abar antolatzen). Horretaz aparte, eskerrak eman nahi dizkiogu ere ikastolako lehendakariari eta zenbait gurasoei larunbatean ere agertu eta hasiera ekitaldian hitz egin dutelako.
Eskolako komunitateari oro har, komertzioak eman dizkiguten diru edo elikagai laguntzarengatik, larunbatean egingo diren hainbat ekintza martxan jartzeko ezinbestekoak zirenei eta, azkenik, herriko taberna eta jatetxeei, hainbat afari eta sari eskaini dituztelako.