Parte-hartze aurrekontuetarako 10 proposamen aukeran

Guaixe 2018ko urr. 5a, 09:19
Olatzagutiko ikuspegia Urbasako portutik.

Olaztiarrek domekara arte eman dezakete botoa www.olazti.eus web orriaren bidez edo asteburuan kultur etxetik pasatuz. Botoa emateko nortasun agiria edo ordezko agiria beharko da.

Olatzagutiko Udalak aurreneko aldiz parte-hartze aurrekontua martxan jarri du. 20.000 euro bideratuko ditu herritarrek aukeratutako inbertsiorako. Olaztiarrek proposamenak egiteko aukera izan dute iraileko azken bi astetan eta udalak haietako 10 aukeratu ditu. Horietako bat aukeratzeko garaia iritsi zaie olaztiarrei. 16 urtetik gorako herritarrek gogoko proposamen bakar baten alde botoa emateko aukera izanen dute.

10 proposamenak
Hilerrian horma hilobiak, kolunbarioak eta hezur tokiak eraikitzea; kiroldegiko gelak talde handiak erabili ahal izateko egokitzea; igerilekuetako aldagelak berritzea; eguberriko argi berriak erostea; argiteria publiko eraginkorragora aldatzea (LEDa); inguraketa kaleko urbanizazioa bukatzea, Arrongatik jubilatuetara; kiroldegian hobekuntzak (dutxak konpondu eta ur beroaren sistema hobetu); kirol-azpiegituretan hobekuntzak egitea (saskibaloia sustatzeko saskiak jartzea, kiroldegiaren atzeko aldean minibasket edo areto futboleko zelaiak egitea eta areto futboleko pista konpontzea); udal igerilekuen hobekuntza (zuhaitz gehiago landatu, taberna inguruan eta sarreran arkitektura-oztopoak kendu, mahaiak eta aulkiak jarri, igerileku handiko dutxak aldatzea), hiri altzariak jartzea (ur biltegiko bihurgunean eta Batuekon merendulekuak egiteko mahaiak jartzea eta festetarako mahaiak eta aulkiak erostea) eta Ziordirako bidean hesiak eta aulkiak jartzea.