Sari bikoitza Sarayrendako

Guaixe 2018ko abe. 3a, 09:30

Nafarroako Urrezko Domina jasoko du ostiralean eta bere lehendakariorde Maria Jesus Oraa Ezkerrek V. Hiritar Bikaintasun Saria gaur. Beleixe Irratian (FM 107,3) hari egindako elkarrizketa entzuteko aukera duzu hemen. 

Saray elkarteak Nafarroako Ohorezko Domina jasoko du Uxue Barkos Berruezo lehendakariaren eskutik gaur eguerdian. Bular minbiziaren kontra lan egiten du Saray elkarteak eta gobernuaren ohorezko sari horrekin elkartearen lana aitortu nahi du: “gaixotasun horrek kaltetutako pertsona zein familiei zuzenduta eskaintzen duen laguntza psikosoziala zein lan eta estetika arloan ematen duen babesagatik, eta hezkuntzan, prebentzioan eta garapen pertsonalean ematen duen aholkularitzagatik”.

Saria hartzen izanen direnen Sarayko kideen artean dago Mari Jose Oraa Ezker olaztiarra, elkarteko lehendakariordea. Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) Oraak azaldu du Saray elkartearen egiteko nagusia bular minbizia duten pertsonak artatzea dela, emakumezkoak eta gizonezkoak, azken horiek portzentaje txikiagoan bada ere. “Lehen harrera egitea. Halako berri bat jasotzean erabat desorientatuta gelditzen zara eta gure elkartea lurra hartzeko pista bat bezalakoa da. Jendearen egoera pertsonala eta soziala ez da berdina eta guk medikuntzak pixka bat baztertzen duen alde hori egiten dugu”.

Oraak ziurtatu duenez, Sarayren beste ardatz nagusietako bat sentsibilizazioa da: “lortzea gizarteak gu ikustea, minbizia tabu bat bezala ez agertzea”. Horrekin batera, “ikerketa lanak finantzatzeko” lan egiten du Sarayk. Elkarteak urtero bularreko minbiziaren kontrako lasterketa eta oinezko ibilbide herrikoiak antolatzen ditu. “Hortik ateratzen dugun diru ia-ia dena ikerketara bideratzen dugu. Esaterako, joan den urtean 60.000 euro eman genituen. Horrekin ere oso pozik gaude”.

Egiteko horiek guztiak aitortu ditu Nafarroako Gobernuak eta Sarayn “oso pozik” daudela esan du Oraak Sakanako irrati euskaldunean. “Politikoek lana aitortzea, guretako oso garrantzitsua da. Haien eginbeharretako bat da pertsonen osasuna zaintzea. Jakitea gauzak ongi egiten ari garela, gauzak ongi egiten segitzeko bultzada izugarria ematen digu. Lanean jarraitu behar dugulako”.

Saray elkarteak 600 bazkide ditu eta aktiboki lanean 40 bat ari dira. Hiru langile ditu elkarteak, baina gainontzeko guztia borondatezko lanarekin egiten du aurrera. “Gu minduak izan gara, jendeak berehala enpatia sentitzen du”. Pertsona bakoitza bat eta bakarra izan arren, bular minbiziarekin patroi batzuk errepikatzen direla aipatu du, “haurdunaldiekin gertatzen den moduan. Horregatik, Sarayra laguntza eske etortzen direnean oso ongi ulertzen dute. Ikus dezakezun tunel beltzean argia da elkartea”. Olaztiarrak gogoratu zuen bera ere trantze horretatik pasa zela eta Sarayk emandako laguntzagatik eskertuta ari dela borondatezko lanean elkartean.

Berak, gainera, V. Hiritar Bikaintasun Saria jasoko du gaur. XVIII. Nafarroako Bikaintasun Sarien barruan Diario de Noticias egunkariak banatzen duen saria da aipatutakoa eta “gizartea hobetzeko elkarte batek egiten duen ekarpenari aitortza publikoa” egin nahi die. Egunkariko irakurleek hiru hautagaien artean aukeratu zezaketen eta Oraak botoen % 55,35 eskuratu zituen. Olaztiarrak bere alde botoa eman duten guztiei eskerrak eman zizkien. Egunkariak elkartea proposatu nahi zuela eta Sarayn haien ordezkari egokia Oraa litzatekeela erabaki zuten. Hortik bere hautagaitza. “Lastaila izaten da gure hilabete arrosa. Sari horiei esker bular minbiziaren kontrako lazo arrosa abendura arte luzatu da. Horrekin oso pozik gaude”.

Soslaia
Maria Jesus Oraa Ezker 56 urteko olaztiarra da eta Saray, Nafarroako Bular Minbiziko Elkarteko lehendakari ordea da. Oraari 2007an bular minbizia diagnostikatu zioten eta Celulas caprichosas  horren inguruan liburua argitaratu zuen 2010ean. Agortuta dago, baina liburua eskuz esku dabil oraindik, “lehen arretako esku-liburu gisa”. Haur hezkuntzako irakaslea, Oraa urtetan Zizur Nagusiko Erreniega eskola publikoko zuzendaria izan zen, eta Hezkuntza Departamentuan irakasle-aholkularia da, bikaintasun eta kalitate gaiekin ari da. Saray elkartean hiru urte darama boluntario eta “gauzak zein ongi egiten ditugun, horrekin oso pozik nago”.