Cementos Portland Valderrivas enpresak Olatzagutian duen porlandegian ez zen ekoizpenik izan bigarren asteartez. Langileen 24 orduko bigarren greba izan zen. Protestarekin enpresari indarrean dagoen lan hitzarmena betetzeko eskatu nahi izan diote. Juan Jesus Lizarragak (ELA) argitu digu lan hitzarmenak hiru urte dituela eta “enpresak urte bat dabil puntu batzuk jende batzuei ez aplikatzen. Eta argi eta garbi esan du kontratazio berriendako ez duela guk dugun lan erregulazioa, beste hitzarmen merkeagoa nahi duela. Nahikoa dela esan dugu eta planto egin dugu. Guk lan baldintza berdinak nahi ditugu berriendako eta guretako ere”.
Enpresak langile berriei ezarri nahi dien aldaketetako bat hau da: jai eguna duen langile bat lanera joaten bada, lanaldi hori aparteko ordu gisa kobratzen du eta, gainera, beste jai egun bat eskuratzen du. Lizarragak jakinarazi digunez, “enpresak hori egungo langileren batekin egin du eta salatuta dago. Enpresak egutegian zehaztuak ez dauden orduak beste modu batean tratatzea”. Bide batez, langileek jakinarazi digutenez, Cementos Portland Valderrivasek ez die aurtengo lan egutegia eman eta langileek horren atzean “xantaia edo presio modua” ikusten dute. Lan egutegian “oporrak, deskantsu egunak eta denak” sartzen dira.
Olatzagutiko porlandegiko langileen susmoa da Cementos Portland Valderrivasek estatu guztiko lantokietan lan hitzarmen bera ezarri nahi duela. “Momentuz gure lan baldintzak beste porlandegietakoak baino bastante hobeagoak dira”.
Bileraren zain
Lan hitzarmena urtearekin batera despedituko da eta aldeek berria negoziatu beharko dute. Lizarragak esan digunez, “badaramagu 10 urte ez dugula hobetzen. Azken hiru urteetan jaitsiera handiarekin. Horretarako, jaitsierak egiteko, enpresa beti prest egoten da. Mantentzeko ezer. Kontratazio berriekin ez du gure lan erregulazioa errespetatu nahi”.
Asteartekoaren ondoren zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio aurki bilerara deituko dituela. Madrilgo zuzendaritzarekin hizketatuko dira. 104 langile ari dira “eta asanbladaren hiru laurdenak edo grebaren alde gaude”, azaldu digu Lizarragak. Lan batzordea ELAko bost kidek, UGTko hiruk eta CCOO batek osatzen dute eta protestaldia ELAk eta CCOOk babesten dute.
Porlanaren sektoreak “pixka bat hobera egin du, baina krisian” segitzen duela jakinarazi digu Lizarragak. Hala ere, “enpresatik zabalik dagoen zatia topera ari da lanean. Plantilla labe bat lanean aritzeko modukoa da, eta horrela gaude, eta topera”.