Olaztiarrak iturrira lehenik, saltatzera ondoren

Guaixe 2019ko eka. 21a, 11:45
Itur bedeinkatuaren ondoan elkartuko dira olaztiarrek bihar.

Olaztiarrak bihar Itur Bedeinkatura joanen dira eta etzi suak piztuko dituzte.

Udari harrera egiteko olaztiarrek Altzania magalean dagoen itur bedeinkatura joateko ohitura dute, Batueko iturrira. Hala eginen dute bihar. 10:30ean jarri dute hitzordua. Burundar Txistulariek kalejira eginen dute eta soinu deiari erantzunez haiekin bat egin eta basorantz joko dute hainbatek. 11:00etan hamaiketakoa izanen da iturriaren inguruan eta, ondoren, olaztiarrek mahaiak prestatu, suak piztu eta bazkariak prestatzeari ekinen diote. Mahaira 14:30ean eseriko dira kuadrillak. Handik  ipurdiak mugiarazteko La Cigarra txarangaren doinuak baino ezer hoberik ez. Haien saioa despedituta herrira bueltatzeko garaia izanen da, baina aurretik sardina-jana izanen dute iturriaren inguruan.

Udako solstizioa saltoka ospatuko dute olaztiarrek. Domeka iluntzean karriketan suak piztuko dituzte eta gainean saltoka ariko dira.