Ametsetatik errealitate desberdinetara

Guaixe 2019ko eka. 29a, 12:10
eskolak antolatutako bigarren eskuko azokak jendea erakarri zuen. Argazkia: utzitakoa.

Domingo Bados eskolako Ikas Komunitateak urtea errefuxiatuen aldeko bigarren eskuko azokarekin despeditu zuen. Baina ikasturteak gehiagorako eman du.

Olatzagutiko eskola Ikas Komunitate izatera pasa zen 2016-2017 ikasturtean. “Gizartean diren aldaketei erantzuteko” izan zen eta eskola komunitate guztia hartzen du, hasi ikasle, irakasle, gurasoetatik eta udaleko eta Sakanako Mankomunitateko arduradun eta teknikarietaraino. Hala etorri dira bi urtekoen gela dohainik izatea, hainbat batzorde misto sortzea eta elkarlanean aritzea, harrera plana sortzea, D ereduaren 25. urteurrena, bigarren eskuko azoka, Euskaraldia, Korrika eta beste.

Domingo Bados eskola publikoko zuzendari Emma Martinezek azaldu digunez, ikasturte honetan “arautegi batzordeak guztion artean erabakitako arautegia aurkeztu du. Horren garrantzitsua den tresna hori, ez du ez bizikidetza taldeak edota zuzendaritzak erabaki, baizik eta guraso, irakasle eta ikasleak, eskolako komunitatea osatzen dugun guztiok”. Martinezek gaineratu duenez, “arautegi bat martxan jartzea eta eskolako eragileak soilik ez erabakitzea, Ikas Komunitatea izatearen garrantzia azpimarratzen du, guztion iritziak eta proposamenak entzun eta gero guztion artean sortutakoa delako”.

Hizkuntzak eta zentzuak
Hainbat hizkuntzek bat egiten dute eskolan eta hizkuntza anitzen batzordea eratua dute. Hezkuntza Departamentuak hala eskatuta aipatu batzordea hizkuntzen diagnosia eta Zentzuetatik hizkuntzetara deituriko sentsibilizazio proiektua egin zuen. “Horrek familien parte-hartzea ekarri digu. Bertan gure belarriak eta begiak zorroztu ditugu, historia eta errealitate desberdinak ezagutuz gure familien ahotik (Errumania, Euskal Herria, Ecuador, Maroko, Sahara eta Kolonbia)”.

Martinezek azaldu digunez, azkeneko hirugarren hiru-hilekoan, zentzumenak izan dira protagonista. “Proiektua errezeta liburu batekin despeditu da. Familiek egindako errezetak idatzi dituzte haurrek eta baita kultura horrekin lotutako errezeta-olerki bat, berdintasunean, elkartasunean eta begirunean oinarritutakoa. Horretarako, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuarekin egin den elkarlana ezinbestekoa izan da”. Errezeta liburuaren hasieran zera irakur daiteke: “jatekoak prestatzen hasi aurretik espazioa aurreiritzi, zurrumurru, estereotipo, balore-iritzi eta bestelakoez garbituko dugu”. Aurreneko errezeta zurrumurruen kontrakoa da eta honako osagaiak ditu: errespetu eta elkar-hurbiltze tonak, entzumen-aktiboko eta harrera zintzoko kiloak eta elkartasun eta ez diskriminazio eltzekadak”. Zurrumurruen kontra eta pertsonekiko giza eskubideen errespetuan hezi nahi dituzten haurrak, eta bide batez, Ikas Komunitate guztia.

Bigarren eskuko azoka
Errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko astea antolatu zuten eskolan 2017ko maiatzean. Grezian errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri eman zieten hitzaldi eta aurkezpenen bidez 5. eta 6. mailako ikasleei. Egitasmoa errefuxiatuen aldeko bigarren eskuko azokarekin despeditu zen eta lortutako dirua Nafarroako suhiltzaileek osatutako Help Navarra erakundearendako izan zen.

Martinezek azaldu digunez, “6. mailakoek bere irakaslea den Arantxa Hernandezi, beraiek ere bigarren azoka bat antolatu nahi zutela jakinarazi zioten eta lanean aritu dira horren inguruan azken hilabetean. Anitzartean Zerbitzuko Begoña Zestau Baraibarri jakinarazi zioten ateratako dirua (200 bat euro) errefuxiatuendako izanen zela”. Ikasle horiek Ekaitz Perez, Mohamed Embarec, Javier Lanchares, Adrian Tome Lanchares, Onintze Lopez de Gauna, Hegoi Garcia, Maider Ondarra eta Haran Trevejo dira. Azokaz aparte Grezian eta Sirian egondako suhiltzaile baten, Mikel Pagolaren hitzaldia ere izan zuten.

Eskolatik esker ona azaldu nahi izan diote Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko Zestauri, Youssef Chahorri “Olaztin dauden familia ezberdinen ahotsa izateagatik” eta praktiketan izan den Iratiri. Alkateari eta Virginia Alonso Aparicio kultur teknikariari batzorde mistoetan egoteagatik eskerrak eman dizkiete. Ikas Komunitatea posible egiten duten hainbat langileri eskerrak eman dizkiete, “berdintasunean oinarritutako gizarte baten alde borrokatzeko prest zaudetelako” Familiei ere, “astero talde eragileetara, tertulietara edota antolatzen dugun edozein ekintzetara etortzen  zareten guztioi, zuen parte hartzearekin ikasle guztiek aukera berdinak izatea bultzatzen baituzue”. Azken eskertze bat ere egin dute eskolatik: “mila esker gure etorkizuneko gazteentzako eredu zareten guztioi, elkar lanean jarraitzeko ilusio eta indarra duzuen guztioi, zuek baitzarete Olaztiko herria berraldatzen duzuen eragile garrantzitsuenak”.

Erlazionatuak