Apoyos Metalicos enpresa itxi nahi du zuzendaritzak

Guaixe 2019ko uzt. 8a, 18:55

Langileek lan hitzarmenaren negoziazioan geldialdia salatzeko lan uzteak egin zituzten duela lau urte.

Lantegiaren itxiera “berehalako eta atzeraezina” dela gaztigatu zien ostegunean langileei

Litekeena da Olatzagutiko Arkinourruti industrialdean dagoen Apoyos Metalicos lantegia hilabete barru hutsik egotea. Hala nahiko luke Asturiasko Daniel Alonso enpresa taldearen zuzendaritzak. Horrek 73 langile kaleratzea ekarriko luke. Ostiralean jakinarazi zion zuzendaritzak bere erabakia enpresa batzordeari. Apoyos Metalicos enpresan haize-errotendako oinarriak egiten dituzte. Errotak gero handiagoak egiten dira eta zuzendaritzak argudiatu du Olatzagutiko lantegia txiki gelditu dela eta ekoizpena jaitsi dela.

Enpresa Batzordea (ELAko 3 eta LABeko eta UGTeko bana) zuzendaritzarekin lan hitzarmena berritzeko harremanetan zegoen eta osteguneko bilera horretarako zen. Han jakinarazi zieten langileen ordezkariei kontratuak desagerrarazteko Enplegu-Erregulatzeko Espedientea aurkeztuko zutela. Beraz, aldeek negoziazio mahaia eratzeko zazpi egun dituzte eta 30 egun akordioak lotzeko. Ostegunean zuzendaritzako ordezkariak ez zuen ez langileen birkokatzeez ez kalte-ordainez inolako azalpenik eman.

Langileen susmoa da ekoizpena Linaresera eta Avilesera eraman nahi dutela. ELAk zuzendaritzari “bere postura birpentsatzeko” eskatu dio. Horrekin batera, “industria plan bat aurkeztu eta lanpostuen mantentzean bustitzeko” eskatu dio. LABek, bestalde, itxierak ekarriko lukeen “deslokalizazioa” kritikatu zuen. Bi sindikatuek borroka eginen dutela gaztigatu dute.

Erlazionatuak