Apoyos Metalicos lantegiko 73 langileek batzarra egin zuten astearte eguerdian. Sindikatuetako ordezkariekin batera aurrera eman beharreko pausoak zehaztu zituzten. Lehenik, zuzendaritzarekin negoziazio mahaian eseriko den ordezkaritza zehaztu zuten. Enpresa Batzordeko (ELAko 3 eta LABeko eta UGTeko bana) kideak eta ordezkatuak dauden hiru sindikatuetako kideek osatuko dute. Langileen ordezkariek zuzendaritzari premiazko bilera eskaera egin diote eta gaur bilduko dira.
Langileek hilaren 5etik dakiten bakarra da zuzendaritzak kontratuak desagerrarazteko Enplegu-Erregulatzeko Espediente bidez lantegia itxi nahi duela. Enpresa batzordeko kide Alfredo Berasategik nabarmendu digunez, "ez daukagu informaziorik, ez dakigu zergatik itxi nahi duten; pentsa dezakeguna espekulazio hutsa da, ez dakigu ezer!” Esaten dietena eta jasotzen duten informazioa aztertuko dute. Langileek argi dute: “lehen borroka lantegia ez ixtea da. 73 familiaren etorkizuna dago jokoan. Barranquesan eta Bargan ere eragina izanen du, gurekin lan egiten dutelako".
Zuzendaritzarekin hitz egin ondoren hurrengo pausoak zehaztuko dituztela azaldu digu Berastegik. Baina lantegiaren jabetzaren % 30 duen Gamesarekin eta udal ordezkariekin hitz egiteko asmoa dutela aurreratu digu. Langileek ez dute baztertu mobilizazioak egitea.
Hitzarmena berritzetik itxieraren kontra borrokatzera
Olatzagutiako lantegian lan-hitzarmena berritzeko negoziazioak hasiak zituzten. Enpresa batzordeko kideak lan hitzarmena berritzeko bilera batera joan ziren joan zen ostiralean. "Ordura arte hitz onak ziren. Urte bateko lan-hitzarmena eta Kontsumo Prezioen Indizea gehi puntu bateko soldata igoera eta errelebo-kontratuak egitea proposatu genituen. Enpresak hiru urterako lan hitzarmena nahi zuen. Negoziatzera joaten ginen, eta bat-batean itxierarena bota ziguten".
Berasategik azaldu digunez, 73 langileez aparte, lantegian azpikontrata bateko 12-15 langile ari dira lanean. "Hiru txandatan ari gara lanean. Joan den hilabetean orduak sartzen egon ginen, lan karga handia zegoelako eta ezin iritsi genbiltzalako". Itsasoan jartzen diren haize erroten goiko parteak egiten ari dira Apoyos Metalicosen gaur egun. "Gainera, estatuko haize-parkeak berritzen ari dira". Azken aldian Zaragozarako eta Albaceterako ekoiztu dutela argitu digu.
Lantegiaz
Apoyos Metalicos lantegia Gamesak sortu zuen haize erroten dorreak diseinatu, egin, merkaturatu eta mantentzeko. Gamesak eta Asturiasko Daniel Alonso taldeak elkarte estrategikoa sortu zuten 2007ko garagarrilean eta Windmill Towers sortu zen. Haren bidez asturiarrak Olatzagutiako lantegiaren % 68ko jabetza bereganatu zuten eta Gamesa % 32arekin gelditu zen. "Haize erroten dorreen eraikuntzan munduko lider" izatea zen helburua. Daniel Alonso taldeak bost sail ditu eta horietako bat da Windar Renovables. Horren barruan dago Apoyos Metalicos eta estatuko beste zazpi lantegi. Gainera, lantegi bana ditu Mexikon, Brasilen, Indian eta Errusian. Azken hori pasa den urtean zabaldua.