Apoyos Metalicos ixteko asmoarekin segitzen du zuzendaritzak

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 10:28

Itxi nahi duten lantegia.

Harekin izandako aurreneko bileran asmo hori berretsi zien langileen ordezkariei.

Apoyos Metalicoseko giza baliabideetarako arduradunak hilaren 5ean jakinarazi zion enpresa batzordeari (ELAko 3 eta LABeko eta UGTeko bana) lantegia ixteko nahia. Ordutik aurreneko bilera egin zuten herenegun langileen ordezkariek eta zuzendaritzako ordezkariek: giza baliabideetarako arduraduna eta enpresak itxiera kudeatzeko propio kontratatutako abokatua. Enpresa batzordeak jakinarazi digunez, hamar egunetan zuzendaritzaren ideia ez da aldatu eta Olatzagutiako lantegia ixteko prest daude.

Astelehenera arte ez zekizkiten itxierako arrazoiak. Zuzendaritzako kideek azaldu zutenez, gaur egun egiten diren dorreen neurriak handiagoak dira eta, horregatik, Olatzagutiako lantegia “zaharkituta” gelditu da. “Lantegi berria beharko genuke”. Gaur egun Apoyos Metalicosen itsasoko haize errotetako goiko zatiak egiten dira. Gero horiek Bilboko portura eramaten dituzte eta han batu egiten dituzte. “Etekinak izateko dorre osoak egitea da komenigarriena”. Lantegia portutik gertu nahi luketela adierazi zuten zuzendaritzako ordezkariek, garraioan ez galtzeko, “baina Linaresen lantegia dute”, gogorarazi digu enpresa batzordeak. Herenegungo bileran zuzendaritzako ordezkariek Apoyos Metalicos zabalik mantentzeko “dena trabak” zirela gaineratu zuten.

Bileran enpresa batzordeak lantegia ixteko zuzendaritzak emandako oinarrizko dokumentazioa jaso zuen. Han jasotzen denez, kostu handiak argudiatzen dituzte. Langileen ordezkariek zuzendaritzakoei eskatu zieten Windar taldeko buruei jakinarazteko beraiek lantegia martxan segitzearen alde daudela. Bi aldeek bilera egutegia zehaztu zuten. Horren eta bileran jasotakoaren berri langileei eman zieten batzarrean, baita hurrengo pausoak zehaztu ere. Apoyos Metalicoseko enpresa batzordeak, hazteko, jardunean den Nafarroako Gobernuari bilera eskatu dio lantegiaren etorkizunaz hitz egiteko.

73
Horiek dira gaur egun Apoyos Metalicosen lan egiten duten pertsonek. Gainera, azpikontrata bateko 15 bat langile ere ari dira. Guztiak hiru txandatan.