“Badira lau urte langileok ikusi dugula gero eta pieza handiagoak egiten direla. Guk ikusi dugu eta zuzendaritzak ez? Piezak tamainaz handituko direla baldin badakizu, egoerara aurreratu beharra duzu. Baina inbertitzen ez baduzu, aurre hartzen ez badiozu, dena txiki gelditzen da”. Apoyos Metalicoseko enpresa batzordeko (ELAko 3 eta LABeko eta UGTko bana) kide Sergio Goñik emandako azalpena da aurrekoa. “Haiendako merkeagoa da lantegia ixtea behar bezalako lantegi bat egitea baino. Enpresak zergatik ez horretaz udalarekin edo Nafarroako Gobernuarekin hitz egin? Windarrek Olatzagutian segitzeko borondatea balu hori eginen luke”. Zuzendaritzako ordezkariekin astelehenean eta asteazkenean bilera izan ondoren enpresa batzordeko kideen inpresioa da “borondate gutxiko jendea” dela, “inbertsiorik egin gabe, lantegia hiltzen utzi dute”.
Asturiasko Daniel Alonso taldeko bost taldeetako bat da Windar eta haren izenean bi bileratan giza-baliabideetako arduraduna eta enpresak lantegia ixteko propio kontratatutako abokatua izan dira. Bi horiek argudiatu dute Olatzagutiako lantegia txiki eta zaharkituta gelditu dela, lan gutxi dagoela, dagoen lana dorre handiak eta pisuak egiteko dela eta halakorik Olatzagutian ezin dela egin. Gaur egun itsasoko haize erroten habe borobil handien goiko zatiak egiten dira lantegian, haiek Bilboko portura eraman eta gainerako zatiekin lotzen dituzte. Enpresako ordezkariek argudiatu dutenez, “errentagarria izateko, etekinak izateko dorre osoak toki berean egitea da komenigarriena. Garraioa garestia da. Hemen lantegi berria beharko genuke”. Zuzendaritzako ordezkariek bi bileretan Apoyos Metalicos zabalik mantentzeko “dena trabak” zirela gaineratu zuten. Langileen susmoa da ekoizpena Avilesera eraman nahi dutela.
Bileraren zain
Apoyos Metalicosko enpresa batzordeak jarduneko Nafarroako Gobernuari bilera eskatu dio, eta baliteke heldu den aste hasieran egitea. Langileen nahia da foru administrazioak enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren iritziak entzutea, egoeraren berri lehen eskutik izan dezan. Goñik esan digunez, “guk azalduko dugu lantokiak zergatik segitu behar duen zabalik. Haiendako errazena ixtea da. Guretako ez. Ezta eskualdearendako ere. Nafarroako Gobernuak izan dezakeen boterearekin dauden aukerak aztertzea nahi dugu”.
Foru administrazioarekin bilera izan bitartean langileen eta zuzendaritzaren arteko bilerarik ez da izanen (bilera egutegia adostua dute). Itxiera negoziatzeko epea agorrileko aurreneko astean despeditzen da. Aurretik, agorrilaren 2an, langileak oporretara joanen dira. Horregatik, enpresa batzordeko kideek zuzendaritzari eskaera egin diote: “2rako akordiorik ez badago, gelditzen diren negoziazio egunak oporren bueltan baliatzea”. Goñik azaldu digunez, “langileak oporretan daudela enpresa batzordeak ezin du erabakirik hartu; haiekin kontsultatu behar ditugu eman beharreko pausuak. Ez badaude ezin dugu halakorik egin. Gure eskaera entzutean muturra okertu zuten”.
Goñik gogorarazi du Sakana “zigortutako” eskualdea dela. “Borrokatu daiteke. Itxi aurretik langileak edozertarako prest gaude. Eskarmentu handiko lan-eskua dago hemen, eta horrek balio du”. Horregatik, langileen ordezkariek zuzendaritzakoei eskatu zieten Windar taldeko buruei jakinarazteko beraiek lantegia martxan segitzearen alde daudela.
73
Horiek dira gaur egun Apoyos Metalicosen lan egiten duten pertsonak. Gainera, azpikontrata bateko 15 bat langile ere ari dira. Guztiak hiru txandatan.