Arroz alez osatutako zubiak

Guaixe 2019ko ira. 28a, 12:41

Igandean, 11:00etatik 14:00etara, San Migel plazan. Hainbat jatorrietako olaztiarren arteko harremanak bulkatu, sustatu eta sakontzeko ekimena da. Zazpi zaporetako arrozak prestatuko dira.

Olatzagutiko Munduko Arrozak ekimenaren laugarren edizioa ospatuko da domekan. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun teknikari Begoña Zestau Baraibarrek azaldu digunez, olaztiarren arteko zubigintza egiteko ekimena da Munduko Arrozak. “Denok gara komunitate bereko pertsonak. Estereotipoak eta aurreiritzi horiek botatzea da kontua. Herrian dagoen kultur aniztasunaren erakusleihoa eta harekin gozatzeko ekimena izanen da ”. 

San Migel plazan nazioarteko sukaldaritzaren lagina bilakatuko da. Han Maroko, Peru, Senegal, Sakana Harrera Harana, Help Na, Bulgaria eta Saharar erara prestatutako arroz errezetak izanen dira. Sukaldariak osagaiak prestatzen 11:00etan hasiko dira, beraz, eguerdi guztia izanen da handik pasa eta sukaldariei galdetzeko arroz errezetak nola prestatzen dituzten. Sukaldariei bigarren bisita 13:30ak aldera egin dakieke. Orduan arrozak dastatzeko emanen dituzte. Aukera ederra izanen da sukaldariekin dastaketari buruzko iritziak trukatzeko. Liburuxka batean jaso dira sukaldarien errezetak, zurrumurruen kontrako errezeta berezi bat barne duena. 

Anitzartean zerbitzuak aurten jendartean zabalik dauden zurrumurruei aurre egiteko kanpaina garatzen ari da. Olatzagutiko Munduko Arrozetan ere presente izanen da. Batetik, sukaldariek Mank-en mandarra izanen dute jantzita. Hartan errezeta aberatsean, zurrumurruak kanpoan leloa irakur liteke. Bestetik, muturra eta eskuak garbitzeko esku-zapitan ere zurrumurruak ez irenstera gonbidatuko dute: “pentsatu, ikusi, entzun edo irakurtzen dena egia den edo ez”. Gainera, sukaldarien ondoan sentsibilizazio gunean zurrumurruei aurre egiteko euskarriak jarriko dituzte ere. Haurrendako jolasak ere izanen dira. 

Erlazionatuak