Parte hartze aurrekontuetarako proposamenak egiteko garaia

Guaixe 2019ko aza. 23a, 12:55
Udaletxe ondoko farolakoa dagoeneko LED argia da.

Olaztiarrek udalak 30.000 euro zertara bideratuko dituen erabakiko dute. Hilaren 30era arte aurkez daitezke proposamenak.

Bigarren urtez Olatzagutiko Udalak parte hartze aurrekontuen prozesua abiatu du. Joan den urtean 20.000 eurori zer erabilera eman erabaki zuten olaztiarrek. Aurten, berriz, 30.000 euroko poltsari zein erabilera eman proposatu dezakete olaztiarrek. Udal bizitza eta erabakitze ahalmena olaztiarrengana hurbiltzeko helburua du prozesuak. Proposamenak aurkezteko epea astelehenean zabaldu zuen udalak eta hilaren 30era arte hala izanen da. Proposamenak edozein olaztiarrek aurkez ditzake udaletxean edo bertako postontzian, inolako adin mugarik gabe. Horretarako, udaletxean edo www.olazti.eus web orrian dagoen inprimakia bete behar da. 

Behin olaztiarrek proposamenak eginda, batzorde misto batek aztertuko ditu. Besteak beste begiratuko dute udalaren eskumena den, halako inbertsioa egiteko lege baimena ote duen udalak, 30.000 eurorekin egingarria den eta abar. Egiteko hori abenduaren 2tik 13ra eginen da. Azkenik, batzordeak aukeratutako proposamenak aukeratzeko bozketa eginen da. 16 urtetik gorako olaztiarrek euren gogoko proposamenaren aldeko botoa emateko aukera izanen dute 012 telefonora hots eginez edo web orrian abenduaren 16tik 28ra. Boto papera hautestontzian sartu nahi duenak abenduaren 27an eta 28an izanen du horretarako aukera kultur etxean. 

Argiteria berritu
Joan den urteko prozesuko 20.000 euroak horretara bideratu zituen udalak olaztiarrek horrela aukeratu eta gero. 282 bonbilla LED argiengatik ordezkatzeko lanak aurki despedituko ditu Aldakin enpresak. Lan horrekin batera, farola batzuk tokiz aldatuko ditu eta horretarako zimentazio lanak egin ditu. Gainera, argiteria publikoaren hiru aginte mandoak guztiz berritu ditu enpresak, baita kablea ere. Lanon truke 237.009,58 euro (BEZ barne) jasoko du enpresak. Argiteria publikoan egindako aldaketak udalari urtean % 60 eta 70 artean murriztuko dio argindar faktura.