Olatzagutiko Udalak 30.000 euro bideratu zituen parte-hartze aurrekontuetarako joan den urteko aurrekontuetan. Olaztiarrek, lehenik, proposamenak egiteko aukera izan zuten azaroan, eta gero haietakoren bati botoa ematekoa abenduan. 16 urtetik gorako 89 olaztiarrek baliatu zuten aukera. Haietatik 25ek www.olazti.eus web orriaren bidez egin zuten eta gainontzekoek udaletxean edo kultur etxean botoa emanez (boto bat baliogabea izan zen). Olatzagutiko Udaletik eskerrak eman dizkiete proposamenak egin eta haien alde botoa eman zutenei.
Proposamenen artean babes gehien Vicente Argomaniz plaza egokitzeko proposamenak jaso zituen, 18 boto (% 20,22). Zehazki plazako hesia eta arkitektura-oztopoak kendu nahi dira, plaza irisgarriagoa bihurtzeko. Roberto Martinez Mendia alkateak azaldu digunez, udal arkitektoari proposamena egiteko esanen dio. “Aspaldi plaza eraldatzeko proposamena egon zen, baina ez zen egin”. Gaur egun dagoen iturrira haurrak igotzen direla eta arriskua izan daitekeela ere gaztigatu digu.
Gehiago
Estreinako parte-hartze aurrekontuetan, 2018an, argiteria publikoa eraginkorragoa bihurtzeko LED argiak jartzea erabaki zen. Horretara 20.000 euro bideratu ziren. Olatzagutian LED argiak jartzeko bigarren faseak parte-hartze aurrekontuetan bigarren aukera izan da, 17 boto jaso ditu (% 19,10). Olatzagutia eta Ziordia lortzen dituen dermioko bidea asfaltatzeko proposamenaren alde 16 boto izan ziren (% 17,97). Udalak trenbide gaineko zubiaren ondoan asfaltoa gaizki zegoen zati bat konpondu eta bidearen beste zati bat asfaltatu du udazkenean. Alkateak azaldu digunez, “bide hori traktoreak ibiltzeko da. Pasiatzera joaten direnak kexu dira autoak eta motorrak ziztu bizian pasatzen direlako”. Olaztiarren laugarren aukera izan zen Erburua kiroldegiaren ondoan autokarabanendako eremua sortzea, 13 boto (% 14,60).
Olatzagutian dauden etxebizitza sozialak birgaitzearen alde 8 boto eman zituzten (% 8,98). Bestetik, proposamenen artean zegoen eskolako pasabideetan eta geletan energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioa egitea (kontsumo txikiko argiak, mugimendu sentsoreak eta termostatoak). 7 boto jaso zituen proposamen horrek (% 7,86). Hiruna boto (% 3,37) eskuratu zituzten igerilekuko aldagelak berritzea eta Sutegi gimnasioa eta bere aldagelak konpontzeko proposamenek. Elizaren inguruko zuhaiztia garbitu eta han parkea sortzearen alde bi boto izan ziren (% 2,24). Eta, azkenik, padel pista estaltzeko proposamenak boto bakar baten babesa izan zuen (% 1,12).
Erburua
Kiroldegian dauden itajurak kentzeko proposamena ere egin zuten olaztiarrek. Baina udal aurrekontuetan horretarako 20.000 euro bideratuta zeudenez, udalak ez zuen botoa emateko aukeren artean jarri. Martinezek esan digunez, lanak lehenbailehen egin nahi dituzte.