Ihoteak-Inauteriak 2020

Herri-ihotearen segizioa Guadalajaran

Guaixe 2020ko urt. 25a, 12:53

Salmeron herrian larunbatean ospatu zen aurreneko botarga topaketan parte hartu zuten olaztiarrek.

“Olatzagutia ezagutzera eman, gure herriaren ondarea eta gure herri ihoteak merezi duela erakustea”. Horiek dira Olatzagutiko herri ihotea kanpoan ezagutarazteko Adelaida Kintanak emandako arrazoiak. Bera ihote batzordeko kidea da eta azaldu digunez, Guadalajarako Salmeron herrian “ikaragarri gustatu zaie gure ihotea. Despedida oso hunkigarria izan zen, 20 pertsona atera ziren gu despeditzera. 200 bat biztanle dira eta larunbatean halako ikuskizuna hartzea haiendako handia izan da”. 

Topaketan Guadalajarako zazpi herritako botargek, maskaritek eta “vaquillek” bat egin zuten. Eta haiekin batera, 26 olaztiar (zamar handiak, zamar txikiak, alkate jaun-andreak, neskak eta Mari Arroka). Kintanak azaldu digunez, ihote garaitik aparte, maskarekin neguko beste egun batzuetan ere maskara jartzen dutenak dira botargak, besteak, mozorrotuak”. Guztiek euren mozorroak arratsaldean egin zen segizioan erakusteko aukera izan zuten. Herrian barnako kalejira eta gero Olatzagutiko herri ihoteko segizoa plazara iritsi zen. “Han dultzaineroak zeuden, gu farekin batera eta bestera eta Mari Arrokaren igitaiari su eman genionean ikusgarria izan zen. Botarga guztiak gure inguruan jarrita zeuden”. 

Topaketa horren aurretik, botargen inguruko hitzaldia, artisau azoka eta herri-bazkaria izan ziren. Eguna despeditzeko herri-afaria izan zen. Jose Luis Vega Perez, Guadalajarako Diputazioko presidenteak, ondare ez-materiala ez galtzeko laguntza emanen zutela jakinarazi zuen, “herria egiten duelako”. Eta jakinarazi zuen herri txikiak hartzen dituen Botargen ibilbidea eginen dutela.

Bisitak 
Aurreko  urteetan Olatzagutiko herri ihote segizioan kanpoko inauterietako gonbidatuak izan dira. 2017an ihotearen berreskurapenaren 25. urteurrena zelako Zalduendoko Markitos, Altsasuko Momotxorroak, Urdiaingo Momoxarroak, Unanuko Mamuxarro eta Muttuak, baita Navalosatik, Avilatik, Cucurrumachos-ak izan ziren. 2018an, berriz, Anhauzeko Basaldunak egon ziren. Eta aurtengo herri ihotean Guadalajarako Valdenuño Fernandez botargak eta dantzariak etorriko dira, azken horiek makil dantza dantzatzen dute danbor baten doinura. Haiek ikusteko aukera otsailaren 22an izanen da. Baina ez da aurten Olatzagutian izanen den botarga bakarra, San Migel festetan Salmerongo botarga etorriko baita.