Gure unibertsoa Urbasan kokatzen da

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 8a, 13:32
Hutsun eta Ortzi 'Urbasa' ikuskizunean. UTZITAKOA

Hutsun taldearen eta Ortzi akrobataren 'Urbasa' ikuskizunak ohituren eta egunerokotasuanren artean sortzen diren talkari buruz hitz egiten du. Ostiralean Olaztin egon ziren.

Musika eta akrobazia ikuskizuna da Urbasa . Hutsun taldeak eta Ortzi Acosta artistak sortu eta interpretatzen dute. "Txalaparta da erabiltzen dugun musika tresna garrantzitsuena,baina beste musika elektroniko tresna bat ere erabiltzen dugu". Acostak "zirku kutsua" ematen dio eta antzerki "puxka" bat ere badu, Anai Gambra Uriz Hutsun taldeko kideak azaldu duen bezala. Ostiralean emanaldia eskaini zuten Olaztin. 

Pertsonaia batzuen "talka" kontatzen du Urbasa ikuskizunak: "Haien ohiturek eta egunerokotasunak hasieran talka egiten dute, baina obrak aurrera egin ahala, egoera aldatuko da". Gai unibertsal bat lantzen du. Proiektuaren ideia Mikel Urrutiak eta Anai Gambrak, Hutsun taldeko kideek, eta Ortzi Acostak elkar ezagutu zutenean sortu zen. Hirurek Lurrak proiektuan parte hartu zuten, "eta hortik aurrera beste ikuskizun bat prestatzeko nahia sortu zen". Eszenografia eta istorioa baso batean oinarritu nahi zutela bazekiten, "izenarekin bueltaka ari ginela ikusi genuen Urbasa zela gure paisaia polita, atsegina eta gure obrarako papera betetzen zuena". Gainera, Acosta gasteiztarra da, eta Urrutia eta Gambra iruindarrak, "erdian gelditzen den zonaldea da Urbasa, eta gustatu zitzaigun".

Izenburua Urbasa izan arren, istorioa "ez da Urbasako baso zehatz batean" kokatzen. "Munduko edozein baso da, baina guk, gure buruetan eta bihotzetan, Urbasan kokatzen dugu". Gaur egungo arazoen bizipen bat azaleratzen duela azaldu du Gambrak. "Azken finean, gai unibertsala da, baina gure unibertsoa hemen dago".

Jostailua
"Txalapartak badu kristoren jostailu dibertigarria dela". Guztiaren hasiera izan zen hori. "Mikel eta biok Iruñean jotzen hasi ginen duela 18 urte inguru, eta nor bere kabuz aritzen zen, nor bere lekuan". Duela 10 urte inguru elkartu ziren, eta hirugarren kide batekin Hutsun taldea sortu zuten. "Konpromiso hori hartu genuen". Hamarkada honetan, "asko entseatu dugu, asko jo dugu eta duela 18 urte bezala jolasten jarraitzen dugu". Urteekin jolasak "aldatze prozesuak" bizi izan dituela azaldu du Gambrak, "baina jolasa da, jolasa".

Instrumentu bakarra jotzen duen taldea da Hutsun: txalaparta. "Nahiko xelebrea da. Normalean, taldeetan, hiru pertsona badaude hiru instrumentu jotzen dituzte. Baina guk bakarra jotzen dugu". Horrek hainbat proiektutan  sartzeko aukera ematen diela esan du Gambrak. "Errazago egiten zaigu guk beste musikari batzuk kontratatzea baino".

Txalapartatik antzerkira
Orain arte Hutsun taldeak egin dituen ikuskizunak musikan oinarrituak daude. "Musika bidea eta helburua zen". Lurrak proiektua, Acostarekin egindako proiektua, zirku garaikide obra bat zen eta bertan "musikak beste arte edo diziplinekin zubi pila bat dituela ikusi genuen". Antzerkiarekin, zirkuarekin edo agertokiarekin zuen "jolasa" interesgarria iruditu zitzaien. "Gainera, hiruron artean oso giro ona dugu". Musikari lanak egiteaz gain, antzezle lanak ere egiten dituzte Hutsun taldeko kideek Urbasa ikuskizunean. "Kontzertu bat baino gehiago antzezlan bat ikustera joaten da jendea. Hori da desberdintasun handiena".

"Dibertigarria izan da. Guk inoiz ez dugu burutik galdu gure bereizgarritasuna txalaparta dela eta ez garela antzezleak. Baina neurri txiki batean, eta entrenatuta, modu duin batean defendatu gaitezke". Antzezle bihurtzeko prozesua deskribatzeko "gogorra, polita... mila adjektibo" direla esan du Gambrak: "Ahalegin handia egin dugu, eta buruhauste asko izan ditugu maila askotan". Izan ere, gaur egun ikuskizun bat aurrera ateratzeak "zailtasun asko" ekartzen dituela azaldu du txalapartariak: "Zailtasunetako batzuk alderdi artistikotik datoz, beste batzuk burokratikoak dira. Artistikoak gogor lan eginez gainditu ditugu".

Martxoaren 12an mustu zuten Urbasa. Prozesu luze baten ondoren, "garrantzitsua izan zen guretzat estreinu hura egin ahal izatea". Eta mustutzearen ondoren, koronabirusak eragindako egoeragatik konfinamendua eta egoera berri bat etorri ziren: "Hilabete gogorrak izan dira. Maila pertsonalean, guztiok bezala, itxiak egon gara. Baina txalapartariok badugu beste musikariek ez duten zerbait: ezin dugu etxean txalaparta jo". Egoera "lasaitasun handiz" hartu zutela aitortu du, "kanpoan egoera hain eroa zenez, behintzat etxean eta taldean modu lasaienean hartzen saiatu gara".

Egunez egun gauzak aldatzen ari dira, eta "gure ogibidean normaltasuna hori bazen, orain erokeria hutsa da". Hemendik bi hilabetetara non egongo diren ezin dutela aurreikusi esan du Gambrak: "Zorionez, uda honetan nahiko programatu gaituzte eta nahiko lan egiteko aukera izan dugu". Hala ere, ez dakite zer ekarriko dien udazkenak. "Ordura arte, lasai".