Eneriz Besga Ezkurra

"Jokatutako lau probetatik gure kategorian hirutan gailendu gara; oso kontentu gaude"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 14a, 13:00
Argazkiak: Utzitakoak. Javier Lus Ansó (bigarrena)

Eneriz Besga pilotu olaztiarrak denboraldi berezi honetan hiru rallysprintetan eta mendi igoera batean parte hartu ahal izan du eta bere mailan, 2. kategorian, hirutan irabazi eta bestean 2. izan da. Proba gutxi, baina gutxienez 'arantza ateratzeko aukera' izan dutela nabarmendu du

Zenbat urterekin ikasi zenuen gidatzen?
Aitarekin ikasi nuen, 12 urte inguru nituela. 

Olazti eta auto lasterketak. Urbasako igoera. Txikitatik lasterketetarako autoak ikustera ohituta egongo zarete, ezta? Paisaiaren parte izango dira.
Bai, Olaztin autoen zaletu garen asko gaude, txikitatik jada grina genuenak. Alde horretatik, Urbasako Igoeran aritzea gutako edonoren ametsa izan da. Haurrak ginela, Harby eta Iban Lopez de Goikoetxea pilotuen bajeretatik pasatzerakoan beti adi egoten ginen, ea autoa prestatzen ote zeuden gertutik ikusteko. Urbasako Igoeraren aurretik bereziki. Izan ere, igoerarako autoak prestatzen ari zirela, herriko bajeretan sekulako giroa egoten zen, eta gu batetik bestera ibiltzen ginen. 

Hortaz, argi zenuen motorraren mundu honetan sartuko zinela. 
Bai, oso argi. 2018 urtean hasi nintzen autoarekin, 28 urte nituela, orain bi urte. Aurretik enduroko motorra nuen, baina sorbaldan ebakuntza egin zidaten, eta orduan motorra saldu eta autoa erosi nuen. Horrela izan zen, di-da, gehiegi pentsatu gabe. Citroen Saxo bat erosi nuen Bilbon, gaur egun erabiltzen dudana. Bigarren eskukoa zen, baina lasterketetarako propio prestatua erosi nuen: segurtasun barrak jarriak, lasterketetarako eserlekuak, arnesak… guztia prest. 

Zein izan zen zure lehendabiziko lasterketa?
Autoa Urbasako Igoerarako erosi nuen, baina justu urte horretan ez zen jokatu, bertan behera geratu zen. Eta autoa prest nuenez eta lasterketetarako lizentzia ere aterata nuenez, Kantabriara joan nintzen eta bertan aritu nintzen lehenengoz. 2018 urte horretan bi lasterketa egin nituen, eta biak Kantabrian. Bi mendi igoera ziren, eta, hortaz, bakarrik aritu nintzen, kopiloturik gabe, eta oso ongi, egia esan. 

Lehendabiziko lasterketetan aritzeak errespetua emango du, ez?
Bai… adrenalina topera! Baina helmugara ailegatzean, sekulako erlaxazioa. Esperientzia mundiala da. 

Lanbidez ez zara mekanikaria izango?
Ez, mekanikan hasi nintzen, baina ez zitzaidan gustatu.  Kotxeak gustuko ditut, baina kotxeak konpontzen lan egitea, ordea, ez zait gustatzen. 2008ko krisia zen, gogoan dut, eta mekanizazioa ikasten hasi nintzen. Beasainen egiten dut lan mekanizazio tailer batean, tornu batean. Goizez egiten dut lan eta arratsaldean... kotxea prestatzera.

Auto bat puntuan jartzeko garaian, asko aldatzen da rally baterako den, edo igoera baterako edo rallysprint baterako bada? 
Auto bakoitza ezberdina da. Iban Lopez de Goikoetxearenak, esaterako, gerra gehiago ematen zuen. Nireak ez du horrenbesteko lana ematen, baina kaxarekin arazoak izan ditut. Uste dut oraingoan jada asmatu dugula. Lasterketa batetik bestera autoa ez da asko ikutzen: torloju guztiei errepaso bat egin, balaztak ongi begiratu, likido mailak edo nibelak begiratu eta listo. Eta eguraldiari begira beti bi motatako gurpilak ematen ditugu, lehorrekoak eta euritakoak, euria egiten badu han aldatzeko. 

Euriarekin gidatzea gustuko duzu?
Euriarekin behin lehiatu izan naiz, Kantabriako rallysprint batean. Istripua izan nuen, baina sekulako esperientzia izan zen. Oso gustura ibili ginen, sekulako denborak egin genituen, ez genuen pentsatzen horrela ibiliko ginenik kontuan hartuta nire hirugarren lasterketa zela. Gure mailan, 2. klasean, 25 auto zeuden eta lehendabiziko eta bigarren eremuan hirugarren sailkatu ginen. Jakina halako denborak egitea sorpresa izan zen. Baina gero kolpea etorri zen. Izan ere, oso ongi zihoan lasterketa, gehiegi. Orain bideoak ikusten ditugu eta pentsatzen dugu: gehiegitxo zen…

Lasterketa guztiak grabatzen dituzue?
Bai. Go Pro kamara txikia dut eta lasterketa guztiak grabatzen ditut. 

Ikusteko politak direlako ala gidatzeko teknika hobetzeko?
Batetik, oso gustuko ditut halako bideoak. Eta, bestetik, zerbait hobetu daitekeen ikusteko erabiltzen ditugu ondoren, akatsen bat egin ote dugun... Rallysprintetan oharrak hartzen ditugun egunean kamara eramaten dugu, eta oharrak ongi hartuta ditugunean, ibilbidearen azken pasada grabatzen dugu. Rallysprintaren egunean, proba hasi baino lehenago, bideoari errepaso bat ematen diogu, oharrak begiratzearekin batera. Horregatik grabatu eta gordetzen ditugu bideo horiek. 

Nor da zure ohiko kopilotua?
Lagun ezberdinekin hasi nintzen. Lehendabiziko rallysprinterako Ander Gurmindori esan nion, lizentzia aterata baitzuen. Gero Olaztiko lagun ezberdinei esan nien. Joan den urtean Asturiaseko Rally garrantzitsu batean aritzera joan nintzen eta hara Javi Goikoetxea olaztiarra etorri zen. 

Javi Goikoetxea sekulako kopilotua da. 
Bai, harrigarria. Berarekin hasi ginen Gro Pro-ko bideoak errepasatzen. Orain ere berarekin egiten ditut lasterketak. Oso jatorra da, eta lasaia. Lasaitasun handia ematen du, eta hori gurea bezalako kirolean handia da. Bideoak ikusten dituzu eta gozamena da: bera lasai lasai oharrak esaten... eta niri horrek izugarri lagundu eta lasaitzen dit. 2019ko abenduko zubian ibili ginen Asturiasko Rallyan. 10 lagun joan ginen, Sakana Motorsport taldekoak guztiak. Ongi genbiltzan, baina azkeneko eremua hasi aurretik kaxa apurtu zen eta utzi behar izan genuen. Hala ere, sekulako esperientzia izan zen; ea aurten egiterik dugun. Egutegian jasoa dago, abenduaren 6an, Cangas de Narceako Rallya. Azkenean ateratzen bada, han egongo gara. 

 

Aurten oso automobilismo proba gutxi jokatu dira baina, behintzat, arantza ateratzeko aukera izan duzue. 
Lau lasterketetan aritu naiz ni. Pandemia aurretik Gabiriakoa jokatu zen, baina ni ez nintzen aritu Olaztiko ihoteak zirelako. Konfinamenduaren ondoren lau probatan aritu naiz: Malerrekako Rallysprintean, Javi Goikoetxearekin (uztailak 18), Aiako Igoeran (abuztuak 22), Lesakako Rallysprintean, Javi Goikoetxearekin, eta Aramaioko Rallysprintean (irailak 12), azken hau Mikel Pinto kopilotu zela. Gutxienik arantza ateratzeko aukera izan dugu. 

Eta zer moduz ibili zarete?
Oso, oso ongi. Nire mailan, 2. klasean, hiru lehenengo postu (Malerrekako Rallysprita, Aiako Igoera eta Lesakako Rallysprinta), eta bigarren postu bat (Aramaioko Rallysprinta) egin ditugu. Oso kontentu gaude. 

Lasterketetan lehiatzeko dirua behar da. 
Bai. Lizentzia urtero atera behar da. Suaren kontrako jantziek ere homologazio zenbaki bat dute eta hura kadukatzean berritu behar da, lasterketa bakoitzeko izena emateagatik ordaindu behar da, autoaren mantenua, gurpilak.... 

Diru laguntzarik ba al duzu?
Dirua, berez, poltsikotik jartzen dut, baina beste behar batzuetarako trukeak egiten ditugu. Esaterako, asistentziara eramaten dugun furgoneta Olaztiko Itzalo tailerrak uzten digu; Barandi Tabernak asistentziako kateringa prestatzen digu: patata-tortilak, jatekoak…; Auroreparaciones Lautada tailerrak –nik bertan lan egin nuen– behar ditudan piezak lortzen dizkit eta Puertas Mejicoko nagusia laguna dut eta honek bai, laguntza ekonomikoa ematen dit. Nola edo ahala moldatzen gara, ahal duguna estaltzen dugu. Gure kasuan ez dugu esaten: “aurten Euskadiko Txapelketa osoan parte hartuko dugu”. Ezin dugu halakorik planteatu. Egunak etorri ahala joaten gara ikusten zein lasterketetan aritu ahal dugun eta non ez. 

Dituzun emaitzak kontuan izanda, baliabide gehiagorekin beste helburu handiago batzuk planteatu ahalko zenituen; gorago begira jarri. 
Guztioi gustatuko litzaiguke gora begiratzea, baina ni nagoen bezala kontentu nago, lagunekin, eta nahikoa dut honekin. 

Hortaz, hurrengo helburua abenduaren 6ko Asturiasko Rallya da.
Bai. Azaroaren 21ean Nafarroako Txapelketarako puntuagarria zen Callaghan Rallysprinta zen jokatzekoa, eta justu jakin berri dut bertan behera geratu dela. Beraz, Asturiasko Cangas del Narcea Rallya egiten bada, hori izango da aurtengo denboraldiko nire azkeneko proba. Kantabrian ere badaude beste proba batzuk, baina ikusiko dugu. 

COVID-19 dela eta, zein dira bete behar dituzuen segurtasun neurri bereziak?
Asistentzia gunearen kontrola da aipagarrienetakoa. Lehen asistentzia gunera lagun pilo bat etortzen ziren, eta orain ez dute uzten; gehienez 3 mekanikari egon ahal dira asistentzian. Rallya bada, autoan maskara jantzita izan behar dugu pilotuak eta kopilotuak, baina proba hasita kendu ahal dugu. Izan ere, lasterketarako kaskoa eta sotokaskoa eramaten ditugu eta horrekin nahikoa da. Igoeren kasuan, pilotuak bakarrik gaudenez, proban maskara gabe goaz, kaskoa baitugu, eta goian, beste pilotuekin biltzen garenean, maskara jantzi behar dugu. Dena den, niretzat gogorrena asistentziakoa da. Lehen sekulako giroa zegoen: senitartekoak, lagunak... Orain xarma galdu du.

Ikusleak joan daitezke?
Orain arte ibilbidera joan ahal ziren, maskara jantzita eta distantziak mantenduz. Gutxienik zaleen babesa izan dugu. Baina asistentzia gunera ezin dira sartu. Asistentzia guneak kontrolatuta egoten dira. Pultsera bat jartzen digute eta soilik pultsera dugunak sar gaitezke. 

Sakana Motorsport eta Irurtzun-Arakil dira Sakanako eskuderiak. Zenbat pilotu zaudete Sakanan?
Mordoxka. Sakana Motorsport eskuderian ia gehienak,sei-zazpi, pilotuak gara. Irurtzun-Arakil eskuderian badago beste pilotu kuadrilla bat. Sakanan badago afizioa, bai, eta jarrai dezala!

Sakana Motorsportek antolatzen duen lasterketa garrantzitsuena Urbasako Igoera da. Aurten bertan behera utzi zenuten, pandemiarengatik. 
Aritu garen probatan asistentzia gunea leku itxi batean jarri dute. Urbasako Igoeran Urbasako bidean, Urbasako Etorbidean egoten da asistentzia gunea, eta hura ixtea ia ezinezkoa zen. Egiaztapenak areto futboleko pistan egiten ziren, Clinkerren… hori guztia kentzea ez genuen ikusten. Eta pentsatu genuen datorren urtean Sakana Motorsportek 10 urte beteko dituela, egoerak hobera egitea espero dugu eta ea guztia antolatu dezakegun: Urbasako Igoera, Olaztiko Rallysprinta…

Olaztiko txikiek jarraitzen dute zuengana, pilotuengana hurbiltzen? Automobilismoak etorkizuna al du?
Etorkizuna ez dakit, baina zaletasuna, behintzat, bai. Autoak ateratzen ditugunean, segituan etortzen dira haur eta gaztetxoak euren bizikleta gainean, gu txikiak ginenean egiten genuen bezala. Hortaz, egon, badago. 

Zer ote du motorren hots horrek...
Ez dakit! (kar, kar…). 

Auto elektrikoak ere hor daude, baina ez da gauza berdina. Auto elektrikoen Formula 1 Txapelketak arrakasta omen du, baina lasterketa batean motorren hotsa ez dakit %50 izango ote den, baina %30 bai.
Edo gehiago! Hotsik gabeko lasterketa bat ez da berdina. Xarma galtzen du. Urbasako goiko azken bihurguneetan sortzen den soinua eta giroa hotsik gabeko auto elektriko batekin alderatu eta zer esango dizut… kaka zaharra. Berdin jarraituko dugu, gasolinarekin!