Osasunaren historia memoria jasotzen duten bi libururen aurkezpena

Guaixe 2020ko aza. 11a, 11:03
Gaur aurkeztuko diren liburuak dagoeneko Olatzagutiko liburutegian dadue.

Gaur, 19:00etan, Mikel Huartek, ‘Rojos’ eta Esther Aldavek, ‘Ramón Bengaray. Osasuna y republica’ liburuak aurkeztuko dituzte kultur etxeko areto nagusian. Gainera, 1950eko hamarkadan Osasunako jokalari izandako olaztiar baten berri emanen dute.

Osasuna futbol taldeak mendea bete duela eta haren historiari buruzko bi liburu argitaratu dira berriki. Biak ere Osasunaren historia memorian arakatzen dute. Bien idazleak izanen dira gaur Olatzagutiko kultur etxean. Alde batetik, Mikel Huarte Alzueta, Rojos. Fútbol, política y represión en Osasuna (Txalaparta, 2020) liburua idatzi duena. Argitalpen horretan Huartek klubarekin zerikusia duten eta ahaztuak izan diren hainbat pertsonaia berreskuratu ditu. Futbolaz aparte politika, kultura edo euskara interesatzen zitzaion gazte talde bati esker sortu zen Osasuna 1920ko lastailean. Liburuak sorrerako garaietako, II. Errepublika, Gerra Zibila edo gerraosteko protagonisten berri jasotzen du. 

Esther Aldave Monrealek, bestalde, Ramón Bengaray. Osasuna y República (Katakrak, 2020) liburua aurkeztuko du Olatzagutiko liburutegian gaur. Klubaren buruzagi eta fundatzaile horren bizitzari buruzko laburpen osoa da argitalpena. Futbolarekiko eta Osasunarekiko zaletasunarekin batera, Bengarayk paper berezia jokatu zuen 1930eko hamarkadako Iruñeko kulturan (inprimatzaile lanbideagatik) eta ezkerreko alderdi politikoetan, Ezker Errepublikanoa eta Fronte Popularra Nafarroan gidari izan baitzen. Aldavek nabarmendu duenez, 1936ko estatu kolpea eman berritan hil zuten Bengaray, eta oraindik ez dakigu non lurperatuta dagoen. 

Osasunako olaztiarra
Huarteren ikerketari esker, Antonio Sanchez Altunagaren berri jaso dugu, Osasunako aurrelari olaztiarrarena. 1930eko hamarkadan jaio zen Olatzagutian, eta bi denboraldi jokatu zituen Osasunan Lehen Mailan, 58-59 denboraldian. Guztira, 24 partida jokatu zituen eta bi gol lortu zituen Lehen Mailan, horietako bat F.C. Barcelona-ren kontra. Osasunaz aparte, Eibarren eta Salamancako UDn jokatu zuen ere. Sanchezen aita, Antonio Sánchez Vidongo, Altsasun jaiotako trenbideko langilea zen, 1939ko ekainaren 1ean frankistek fusilatu zuten Valentzian gerra bukatu zenean. Gatazkan, errepublikako armadako kapitaina izan zen, tren blindatuko makinista gisa. Huartek Sanchez aita-semei buruzko datu gehiago emanen ditu hitzaldian. 

Liburu aurkezpen bikoitza Olatzagutiko liburutegi publikoak antolatu du herriko hiztoria-memoria taldearen laguntzarekin. 

Erlazionatuak

Sakanako gorritxoak

Guaixe 2020 aza 05 Sakana