Futbola

Sakanako gorritxoak

Guaixe 2020ko aza. 5a, 11:24
Etxarri Aranazko futbol eskolakoak Osasunako jokalariekin Sadarren. Artxiboa.

Osasunaren mende bateko ibilbidean sakandarrek ere tokia izan dute, bai zelaian bai zuzendaritzan ere. 

Mendeurrena garaipenarekin ospatu zuen Osasuna futbol taldeak larunbatean. Iruñeko futbol taldeak Nafarroako makina bat zale ditu eta herrialdearen irudia ere bihurtu da. 100 urteko historian makina bat jokalari, entrenatzaile, prestatzaile eta zuzendaritzako kide pasa dira talde gorritxotik. Segidan datorrena sakandarrek Osasunako lehen taldean utzitako arrastoaren isla da. 

Jokalariak 
Antonio Sanchez Altunaga olaztiarrak Osasunarekin hiru denboraldi jokatu zituen: 1958-1959, 1959-1960 eta 1960-1961. Aurreneko bi denboraldietan lehen mailan aritu zen eta azkenekoan bigarren mailan, eta igoera lortu zuten. Erdilari olaztiarrak aurreneko denboraldian 7 partida jokatu eta bi gol egin zituen. Hurrengo denboraldietan 17 partida eta bakarra jokatu zituen. 

Carmelo Lazkoz Andueza lakuntzarra Osasunako ordezko atezaina izan zen bi denboraldiz: 1960-1961 (urte horretan Osasunak 2. mailako liga irabazi eta 1. mailara igo zen) eta 1961-1962 denboraldia, 1. mailan. Ondoren, 1962-1963 denboraldian Zaragozan jokatu zuen.

Iñaki Berastegi Araña arbizuarra 1988-1989 eta 1989-1990 denboraldietan jokatu zuen Osasunarekin lehen mailan, 9 eta 23 partida hurrenez hurren. Aurreko aldean jokatzen zuen eta azken denboraldian gol bat sartu zuen. 

Txomin Nagore Arbizu irurtzundarrak bi denboraldi egin zituen Osasunarekin bigarren mailan: 1995-1996 eta 1996-1997, 20 eta 25 partida. Erdilaria zen eta Osasunarekin lehen mailan jokatu zuen aurreneko denboraldian gol bat egin zuen. 

Iker Estarriaga Gaston etxarriarra 1998-1999 denboraldian Osasunako lehen taldekoa izan zen. Denboraldi hartan taldea bigarren mailan zegoen. Erdilari etxarriarrak ez zuen partidarik jokatu Osasunako lehen taldearekin. 

Amona irurtzundarra izateagatik Irurzun gisa ezaguna egin zen Ismael Marchal Razkin. Osasunarekin 1999-2000 denboraldian jokatu zuen, bigarren mailan eta igoera lortu zuten. 25 partida jokatu eta gol bat lortu zuen aurrelari iruindarrak. 

Aitor Lorea Bergara Osasunako lehen taldean egon zen 2016-2017 denboraldian, mailaz jaitsi zirenekoan. Olaztiarra aurreko jokalaria zen, baina denboraldi hartan ez zuen partidarik jokatzeko aukerarik izan. 

Endika Irigoien Bravo 2019ko martxoaren 2an debutatu zuen lehen taldearekin. Osasuna bigarren mailan zegoen eta denboraldi hartan igoera lortu zuen. Ezkerreko defentsa urdiaindarrak bi partidatan 51 minutu jokatu zituen. Aurreko denboraldian eta oraingo honetan ez du lehen taldearekin partidarik jokatu.

Bestalde, aipatzekoa da aurten Emakumezkoen Osasuna B taldean hasi dela Maitane Vilariño olaztiarra, Estatuko 1. Nazionaleko 2.A multzoan lehiatzen den taldean.

Zuzendaritzan
Aparteko aipamena merezi du Javier Bakaikoa Martich etxarriarrak. 1994 eta 1996 urteen artean Osasunako buru Javier Garro zela, Bakaikoa lehendakariordea izan zen. Osasunak sekula izan duen mezenas handienetako bat izan zen eta taldeak, esker onez, Taxoareko zelai bati bere izen-abizenak jarri zizkion. Osasunako ohorezko lehendakariorde izendapena du. Osasunaren zuzendaritzan Pedro Oteiza Maiza egon zen 1996 eta 1998 urteen artean, Juan Luis Irigarai presidente zela. Oteizak ama arbizuarra du eta herriarekin erlazio handia du. 

Bestalde, gaur egungo Osasunaren talde teknikoan bi sakandar daude. Alde batetik, Asier Urkia Ijurra etxarriarra lehen taldeko fisioterapeuta da. Bestetik, Iokin Lobo Ieregi Osasunako harrobietako prestatzaile fisikoen departamentuko koordinatzailea da. 

Gaur egun 
Osasuna futbol taldeak Taxoaren jokalariak trebatzeko baratza ederra du. Handik ateratzen diren jokalariez aparte, Osasunak 138 futbol talderekin hitzarmenak ditu. Horien bidez Osasunak taldeei eskaintzen die, bestek beste: kirol aholkularitza, futbol eskoletako entrenatzaileendako prestakuntza tekniko-taktikoa eta psikologikoa, Osasunak propio sortutako entrenamendu programak eskuratu ahal izatea, klubaren osasun zerbitzuekin elkarlana, eskola eta campusen sorreran laguntza eta lehen taldea ikusteko abonamenduak. Lagun Artea, Etxarri Aranatz eta Altsasu dira Sakanako hiru futbol taldeak eta hirurak dute gorritxoekin hitzarmena. Osasunak gaur egun Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen ditu futbol eskolak.