Langileek udalari hitzarmena betetzeko eskatu diote

Guaixe 2021ko ots. 10a, 13:28
Olatzagutiko udaletxea igerileku sarreratik.

“Erabakia berriro aztertzeko eta kaleratutako lankidea birkokatzeko” eskatu dute.

Olatzagutiko Udaleko langileen batzarrak “gaitzetsi” du udalak “bere ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortu zaion lankide bat” kaleratzeko erabakia . Langileen batzarrak udalari “bere erabakia berriz aztertzeko eta udalaren Lan Hitzarmena betetzeko” eskatu dio, “orain kaleratutako lankidea birkokatuz”. Batzarreko kideek azaldu dutenez, kaleratutako langilea E mailako funtzionarioa da, “mailarik baxuena” eta aitortutako ezintasunarekin “funtzionario baten oinarri arautzailearen % 55eko soldata dagokio”. 

Udal langileen batzarreko kideek azaldu dutenez, Lan Hitzarmenaren 35. artikuluaren D puntuari, lan egiteko ezinduak birkokatzeari dagokiona, erreparatu diote eskaera hori egiteko. Han jasoa dagoenez, “udalak, ahal den guztietan, bere hondar-gaitasunarekin bateragarria den lanpostu batean jarriko ditu ezintasun iraunkor osoa aitortzen zaien langile finkoak. Nolanahi ere, eragindako pertsonak orain arte jasotzen zituen ordainsariak osatzeko adinako lanaldi partziala egin ahal izateko ahalegina egingo da. Osasun-arrazoiengatik langile finkoen lanpostu-aldaketak egin ahal izango dira, medikuaren txostenarekin”. Batzarreko kideek ziurtatu dutenez, “badakigu udal honetan ugari direla ezintasun horrekin egin daitezkeen lanak”.