Futbola

Maitane Vilariñoren lehen gola Osasuna talde nagusiarekin

Guaixe 2021ko api. 26a, 13:20

Osasuna lehen mailara igotzeko igoera fasean dago eta Madrid B taldearen kontrako partidan Osasunaren laugarren gola sartu zuen aurrelari olaztiarrak

Oso pozik dago Maitane Vilariño olaztiarra, eta ez da gutxiagorako. Osasuna B taldean hasi zen aurten Vilariño, Lehenengo Nazional mailako 2A multzoan, baina duela gutxi Osasuna talde nagusian aritzeko deitu zuen Osasunako entrenatzaile Kakun Mainzek eta ikusgarri dabil aurrelari olaztiarra. 

Iberdrola Erronka mailan ari da aurten Osasuna talde nagusia, emakumezkoen 2. mailan, baina 1. mailako Iberdrola mailara igotzeko igoera fasea lortzeko sailkatu zen eta igoera fasean atzo laugarren garaipena jarraian lortu zuen Osasunak, Madrid B taldeari 5 eta 0 irabazi eta gero. Nabarmentzekoa da Maitane Vilariñok laugarren gola sartu zuela, Osasuna talde nagusiarekin sartzen duen lehena.