Maitane Vilariño Mendinueta (2002-06-30, Olazti) futbolaria Osasuna B taldean hasi zen aurten, 1. Nazional Mailako 2A multzoan, baina Osasunako lehen taldera egin du salto, igandean bere lehen gola sartu zuen, eta pozez zoratzen dabil.
Abenduan aipatu zenigun zure ilusioa Osasuna talde nagusian aritzea zela eta ametsa bete duzu. Noiz deitu zizun talde nagusiko Kakun Mainz entrenatzaileak?
Talde nagusitik Eguberritan deitu ninduten, eurekin entrenamendu batzuk egiteko. Aste batzuk barru lehen taldearekin ostegunero entrenatzen hasi nintzen, gero bi egunez eta orain entrenamendu guztiak talde nagusiarekin egiten ditut, astelehenetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan.
Noiz debutatu zenuen Osasuna talde nagusiarekin?
2. mailako Iberdrola Erronkako lehen faseko azken partidan, otsailaren 28an, Osasunak Zaragozaren kontra jokatu zuenekoan. Aurretik Alavesen kontrako partidarako deitu ninduten, baina egun horretan ez nuen jokatu.
Osasuna talde nagusiarekin debutatzea sekulakoa izango da, ez? Igoera fasean dagoela kontuan hartuta, are gehiago.
Bai. 1. mailara pasatzeko igoera fasea oso zaila da, eta hain justu une erabakigarri honetan talde nagusitik deitu izana ez nuen inondik inora espero.
Lesionatuta dagoen jokalariren baten tokia betetzeko deitu dizute ala taldean zure tokia egin duzu?
Bietatik zerbait. Talde nagusiko Nerea Salinas jokalaria lesionatu zen, baina aurretik ere deitzen ninduten. Zaragozaren kontrako partidan bera ere bazegoen, eta nik ere jokatu nuen.
Aurrelaria zara. Osasuna B taldean 10. zenbakia duzu eta talde nagusian 27. zenbakia.
Talde nagusian 27. zenbakiarekin oso gustura nago. Zortea ematen dit. Zenbaki horrekin segitzen uzten badidate, ni pozik.
“1. mailara igotzeko 3 final ditugu aurretik, Osasunak irabazi beharreko hiru final”
Osasuna talde nagusia 2. mailatik 1. mailara igotzeko borrokan dabil, eta 1. Nazional Mailako Osasuna B taldea 2. mailara igotzeko lehian. Kasualitatea.
Bai, bi taldeak mailaz igotzeko borrokan daude. Dena den, Osasuna talde nagusiak ez badu 1. mailara igotzea lortzen, Osasuna B ezingo litzateke 2. mailara igo, nahiz eta igoera lortu.
Igandean Osasunak Madrid B taldea izan zuen aurkari Taxoaren, igoera faseko 5. jardunaldian.
Ikusgarri aritu zineten, 5 eta 0 irabazi zenuten eta zuk sartu zenuen laugarren gola. Zer sentitu zenuen?
Ezin nuen sinetsi. Maila horretan oso zaila da gola sartzea, eta sekulakoa izan zen… Aurretik, Oviedoren kontra gol bat sartu nuen, baina arbitroak baliogabetu zuen, eta, hortaz, igandekoa izan zen talde nagusiarekin sartu nuen lehen gol ofiziala. Poztasun handia sentitu nuen. Mugikorra mezuz josita nuen, izan ere Olazti ia guztiak ikusi zuen partida telebistan.
Igoera fasean laugarren garaipena lortu duzue jarraian, eta hiru jardunaldiren faltan, igotzeko borrokan jarraitzen duzue.
1. mailara igo ahal izateko 3 partida horiek irabazi behar ditugu, bai ala bai. Sailkapenean bigarrenak gara, Alavesen atzetik, eta eurek gu baino 2 puntu gehiago dituzte. Hortaz, guk irabazteaz gain, Alavesek partidaren bat berdindu edo galdu beharko luke, bestela bera igoko litzateke. Beraz, 3 final ditugu aurretik, irabazi beharreko 3 final.
Azken hiru partidak noren kontra jokatuko dituzue?
Asteburu honetan atseden jardunaldia dugu, eta datorren asteburuan Oviedoren kontra jokatuko dugu, Oviedon; maiatzaren 15eko asteburuan Atletico de Madrid hartuko dugu Taxoaren, eta maiatzaren 29ko asteburuko azken jardunaldian Racing izango dugu aurkari Santanderren. Hirurak talde oso onak dira.
“Emakumezkoen futbola gora doa; partidak aurrera ateratzea kosta egiten da, maila izugarri igo da”
Animoz nola zaudete?
Batetik ilusio askorekin, baina bestetik urduritasunarekin. Ongi gabiltza, baina Alaves ere ongi ari da. Alavesek talde oso ona du, asko jokatzen dute eta oso zaila da haiek irabaztea. Madrid, Oviedo eta Atletico de Madrid taldeen kontra aritzea falta zaie.
Beraz, azken unera arte hatzak gurutzatzen...
Bai, baina guk gurean pentsatu beharra dugu; gureak irabazten ez baditugu, ez dugu ezer egiterik.
Nolakoa da Osasunako Kakun Mainz entrenatzailea?
Asko eskatzen digu, baina normala da. Ni oso pozik nago berarekin; nigan asko sinistu du, eta espero dut eman dizkidan aukeretan ongi aritu izana.
Biokimika ikasten ari zara. Nola moldatzen zara?
Ongi. Orain entrenamendu bat gehiago dut astean, baina moldatzen naiz. Entrenamendu aurretik eta ondoren ikasten dut, eta klaseetan adi egoten saiatzen naiz, bestela... (kar, kar...).
“Noizbait Sadar berrituan jokatzea espero dugu, eta lehenengo mailan baldin bada, askoz hobe”
Emakumezkoen futbola gora doa.
Izugarri. Lehen maila baxuagoa zegoen. Partidak askoz ere zailagoak dira, eta hori ona da emakumearen futbolerako; geroz eta zailagoa izan, maila handiagoaren seinale. Klubaren babesa dugu, eta komunikabideetan ere gure berri ematen du klubak. Iaz nik ez nuen emakumeen taldeei buruzko horrenbesteko argazki, aipamen, txio eta informaziorik ikusten. Nabari da, eta asko gainera. Eta kalean jendeak galdetzen digu.
Berritutako Sadar estadioan egon zara?
Bai. Oso polita da, bai kanpotik eta baita barrutik ere. Noizbait han jokatzea espero dugu, eta lehenengo mailan baldin bada, askoz hobe! (kar, kar…).
Denboraldiari zer eskatuko diogu?
Osasuna talde nagusia 1. mailara igotzea eta 1. Maila Nazionaleko Osasuna 2. maila Iberdrola Erronkara igotzea. Hori denboraldi borobila litzateke.