Automobilismoa

Motorren orroak martxan

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 26a, 14:00

Maiatzaren 8an Nafarroako Rally Txapelketa hasi zen eta Kontrabandisten Rallysprintean Eneriz Besga eta Javi Goikoetxea bere mailan onenak izan ziren. Larunbatean Izpegiko Igoerak Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa abiatu zuen eta hasi berria den denboraldirako autoak doitzen dabiltza pilotu sakandarrak

Nafarroako Rally Txapelketa martxan dago, larunbatean Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa abiatuko du Baztango Izpegiko igoerak, larunbatean ere Nafarroako Autokros Txapelketako lehen proba hartuko du Nafarroako Zirkuituak eta uztailaren 12an Nafarroako Lur Gaineko Rally Txapelketa mustuko du Murchanteko Lur Gaineko Rallyak. Automobilismoa 2021 denboraldirako prest dago eta pilotuak euren makinak eta autoak fintzen buru belarri dabiltza. 

Sakana Motorsport eskuderiako Eneriz Besga pilotuak Javi Goikoetxea kopilotuaren laguntza izan zuen maiatzaren 8an Nafarroako Rally Txapelketa mustu zuen III. Kontrabandisten Rallysprintean, Urdaxen. Hasiera batean soilik pilotu nafarrek har zezaketen parte, muga perimetralarengatik, baina azkenean Nafarroatik kanpo etorritako zenbait taldek aritzea izan zuten. Partaideek antolakuntzak prestatutako ibilbidea hirutan egin behar zuten, eta Marcos Diego eta Juan Luis Garcia izan ziren azkarrenak bere Porsche 911 997 GT3 autoarekin (33:05). Besga eta Goikoetxea olaztiarrek lan ona egin zuten Citroën Saxoarekin. Sailkapen absolutuan 5. sailkatu ziren (36:47), eta euren mailan, 2. kategorian, lehenak izan ziren. 

Nafarroako Rally Txapelketan hasiera ona
“Ongi ibili ginen, gustura. Azkeneko mangan edo tartean atzeko suspentsio bat hautsi zitzaigun, baina unean ez ginen ezta konturatu ere egin. Uste dut ez zigula gehiegi eragin. Pentsa, gure denbora onena azkeneko tartean egin genuen (kar, kar…). Beraz, oso ongi. Rallya bukatuta, auto azpiak begiratu nituenean konturatu nintzen suspentsioa hautsi zela” azaldu du Eneriz Besga pilotuak. Javi Goikoetxea kopilotuarekin gustura ibiltzen da. “Jabi sekulako kopilotua da. Berarekin beti ondo. Ez ditu bere kopilotu dohainak galtzen, inondik inora” gaineratu du Besgak. 

Kontrabandisten igoeran Iñigo Galarza kopilotu iturmendiarra Arakil Motorsporteko Andoni Berastegi pilotuarekin aritu zen (Renault Clio Sport). “Berastegik familia omen du Sakanan, eta Iñigo Galarza iturmendiarra da. Gure kategorian lehiatu ziren, baina lehendabiziko pasadan matxura izan zuten eta rallya utzi behar izan zuten” aipatu du Besgak. 

Nafarroako Rally Txapelketa osoa egin ahal izatea nahiko luke Eneriz Besgak, baina ezin du ziurtatu. “Guztia ongi badoa, nahiko nuke. Baina zaila da esatea. Gurea kirol garestia da, hasieratik dakigu hori, eta matxura larriren bat izango bagenu agian guztia hankaz gora jarriko litzaiguke. Horregatik ezin dut esan Nafarroako Txapelketa osorik egingo dugula. Ahal dezakeguna egingo dugu eta ahal dugun lasterketetan ariko gara” nabarmendu du Besgak. Joan zen urteko babesleen laguntza du, eta besteren bat gehitu da ere, pilotuen arropak, gurpilak eta materiala saltzen duen babeslea. “Materialean beherapen txiki bat egin digu eta zerbait bada” dio pilotu olaztiarrak. 

2020an antolatu ziren lau lasterketatik hirutan euren kategorian, 2. kategorian, irabazi zuten eta bestean bigarren izan ziren, eta Besga eta Goikoetxeak 2. kategorian Nafarroako Rally Txapelketa irabazi zuten. “Aurten ikusiko dugu. Nahiko genuke” berretsi du Besgak. Javi Goikoetxea bere kopilotua izango da, kopilotu olaztiarrak ahal duen guztietan. “Fiterokoan ezingo du, eta beste kopiloturen bat eramango dut, baina berak ahal duen guztietan nirekin egotea nahiko nuke” dio. Denboraldiari itxura ona ematen dio. “Gutxienez egutegian lasterketak daude; denak aurrera ateratzen badira, polita izango da. Iaz soilik lau egin ahal izan genituen, hortaz... atera kontuak. Iragarrita daudenak ateratzen badira, ia normaltasunez ariko ginateke” dio. 

Larunbatean, Izpegiko Igoera
Larunbatean Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa abiatu zen, Erratzun, Izpegiko Igoerarekin. Bertan aritu zen Eneriz Besga. “Matxuratutako suspentsioa Asturiasen dago, konpontzen, baina larunbaterako lagun batek bere kotxeko suspentsioa utzi zidan” dio, irribarrez. Izpegin aritu zen beste pilotu bat Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 Turbo) olaztiarra izan zen, automobilismora bere itzulera izan zenean. “Ibanek Izpegin autoa probatu nahi zuen, gero Cantabrian Javi Goikoetxea kopilotuarekin “Solo Renault Turbo” izeneko lasterketan parte hartu ahal izateko. Proba horretan soilik R-5ak eta R-11k hartzen dute parte, eta hor dabil Iban, bajeran orduak sartzen, R-5a behar bezala doitzeko” kontatu digu Enerizek. 

Urbasako Igoerarekin zer?
Sakana Motorsportetik momentuz 10 pilotuk atera dute urte honetarako pilotu lizentzia, baina oraindik batzuk falta direla uste du Enerizek. Batzuk mendi igoeratan ibiltzen dira, beste batzuk lurreko rallyetan, besteak proba guztietan… beraz, denetarik dago. Sakana Motorsportek antolatu du Urbasako Igoera azken urteetan, baita Olaztiko Rallysprinta, baina proba hauek aurten antolatu ahal izango diren zalantzan dago oraindik. Besgak azaldu duenez, denboraldiko probak nola doazen ikusi nahi dute, Urbasako Igoera antolatzea posible duten erabakitzeko. “Nahiko genuke, baina pandemia dela eta indarrean dauden neurriengatik zalantzak ditugu. Egun, asistentzia guneetako mekanikari kopurua mugatuta dago, eta asistentzia guneak itxita egon behar du, burbuilan. Urbasako Igoeran asistentzia gunea errepidean bertan dago, publikoa sartzen den tokian eta, beraz, ez da erraza. Ea denboraldia nola hasten den, eta ikusiko dugu” azaldu du. 

Bestalde, Arakil Motorsport taldeak, bere aldetik, uztailaren 3an antolatzekoa zuen Irurtzun-Arakil Rallysprinta bertan behera uztea erabaki du aste honetan.