Astekaria

"Bizi guztia daramat R5 GT Turboarekin; gerra asko ematen duen autoa da, baina guztiz harrapatzen zaitu"

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 16a, 14:00

Ia bi urte geldirik egon eta gero, asteburuan errepidera itzuli zen pilotu olaztiarra. Larunbatean Solo Renault Turbo lasterketan lehiatu zen, Samanon, R5 GT Turboarekin, "jakina", eta oso ongi pasatu duela aitortu du 

Iban Lopez de Goikoetxea Galan pilotuak aspaldiko partez bere gidari senari jarraitu dio. Renault 5 GT Turboa prestatu, eta asteburuan Kantabrian jokatu zen Solo Renault Turbo lasterketan aritu zen Eneriz Besga kopilotu zuela. "Oso gustura" egon zirela aitortu du.

Geldialdi luzearen ondoren, atzera ere errepideetan bueltan zaude. Haitzean jaioak haitzera nahi…
Bai, denboraldi luzea neraman Rallyetan edo Igoeratan parte hartu gabe. Parte hartu nuen azkeneko lasterketa 2019ko Urbasako Igoera izan zen, etxeko lasterketa zelako. 2019an soilik lasterketa horretan aritu nintzen; aurreko urtean, 2018an, soilik hiru lasterketa egin nituen, eta iaz, 2020an, ez nuen lasterketa bakar batean ere parte hartu. Baina aurten lasterketa batzuetan aritzera animatu naiz. Berriz ere hemen gaude, zarata ateratzen. Ea nola doan. 

Zure Renault 5 (R5) GT Turboarekin, jakina.
Bai, inolako zalantzarik gabe. 

Autozale amorratua zara. Odolean daramazu. 
Bai, zer esango dizut? Autoa saltzekotan egon nintzen, baina azkenean ez nuen saldu, eta konfinamendua beste auto bat muntatzen hasteko aprobetxatu nuen. Ez naiz geldirik egotekoa; nire eskuak beltz daude beti (kar, kar…).

"Auto probetan 2001ean hasi ginen, duela 20 urte, eta gehienak R5arekin hasi ginen"

Azken hilabete eta erdian ordu pila bat sartu omen dituzu R5 GT Turboa prestatzen. 
Jakin nuenean Kantabriako Samanon ekainaren 5ean III. Solo Renault Turbo lasterketa antolatu behar zutela, nire autoa prestatzea erabaki nuen. Izan ere, lasterketa horretan aritzeak ilusio berezia piztu zidan, proban soilik Renault Turboek parte hartu ahal zutelako, hau da, R11 Turboek, R5 GT Turboek, R5 Turboek, R5 Maxi Turboek eta R5 Turbo 2 edo culo gordo ezizenez ezagutzen direnak. Aurretik beste bi edizio egin zituzten Almerian eta Murtzian, baina beste formatu batean, hau da, rally normal bat zen eta soilik Renault Turboek puntuatzen zuten, hemen egiten dugun Renault Turbo Koparen antzera. Baina Kantabriakoan soilik Renault Turboek hartu ahal izan zuten parte, proba oso berezia zen eta autoa prestatzea erabaki nuen. Eta hor ibili naiz, azken hilabete pasa bajeratik atera gabe. 

R5 Turboen zale amorratua zara. Auto hauek oraindik mitikoak dira. 
Mitikoak dira, baina agian Peugeot 205, Citroën Saxo edo BMW M3 auto bat duenak bere autoarekiko zaletasun bera izan dezake. Gu auto lasterketetan 2001ean hasi ginen, aurten 20 urte egingo ditugu, eta garai haietan R5 hauek oso merkeak ziren. Baina arazoak ematen zituzten eta jendeak ez zituen nahi, nolabait esateagatik. Garai hartan Sakanan lasterketetan hasi ginen pilotu guztiak edo gehienak kotxe horiekin hasi ginen. R5 gerra asko ematen duen auto bat da, baina guztiz harrapatzen zaituena. R5 bat daukanak edo izan duenak beti bat baino gehiago izan ditu. Bizi guztia daramagu auto honekin eta errazago egiten zait R5 bat prestatzea beste edozein, esaterako Saxo bat edo Clio bat prestatzea baino. Eta ondo jarria eta prestatuta badago, lehiakorra izaten jarraitzen du eta diru gehiago balio duten auto horien aurrean sartzeko eta sailkatzeko aukera ematen dizu. Ni oso gustura nago. 

Gogoan dut R5 Copa Turboa atera zutenekoa. Zer du R5 Turboak?
Garai haietan turboa ez zen ohikoa. Auto hau “turn turbo aulkia” izenekoa izan zuen lehenetarikoa izan zen. Auto txikia da, pisu gutxikoa, eta horri turboa gehituta, ba auto azkarrak ziren, biziak. Hori bai, gidatzeko orduan kontu pixka batekin ibili behar da, izan ere auto oso urduria da, pisu gutxikoa eta “par motor” deritzon potentzia du. Horregatik oso bat-batekoa da. Azkar hartu zuen izena eta fama. 

"R5a auto oso urduria da, pisu gutxikoa eta oso bat-batekoa. Azkar hartu zuen fama"

Zer moduz asteburuan Samanoko Solo Renault Turbo lasterketan?
Ostiralean joan ginen autoaren egiaztapenak egitera, lasterketa larunbatean izan zelako. Rallysprint formatuan jokatu zen. Onton eta Otañes artean 5 km inguruko eremu bat prestatu zuten, eta norabide batean hiru pasa eta kontrakoan beste hiru pasa egin behar genizkion. Beraz, guztira 6 eremu ziren. 30 taldek hartu genuen parte, Estatuko txoko guztietatik etorritakoak: Almeria, Murtzia, Katalunia, Andorra, Kantabria, Asturias, Castellon, Valentzia...  Oso giro polita egon zen. Auto guztiak etxe berekoak ziren, itxuraz antzekoak, baina autoen prestaketan zegoen ezberdintasuna. Prestaketa ikusgarriak zeuden, oso ondo eginak. Pilotu onak, ongi prestatutako autoak eta ikusteko proba oso polita. 

Nor izan zen zure kopilotua?
Hasiera batean Javi Goikoetxea etorri behar zen, aspalditik genuen hitzartuta. Javirekin joatea gozamena da, ia profesionala balitz bezala egiten baitu lana. Ikusgarria da mutiko hori nola doan. Baina azken orduko arazo batengatik ezin izan da etorri, eta Eneriz Vesga olaztiarrari proposatu nion. Berehalakoan baietz esan zidan. Izpegiko Igoeran aritzeko asmoa nuen, autoa probatzeko, rally batean aritu gabe 3 urte bainengoen, 2018tik, eta nahiko berde eta urduri nengoelako, baina abiadura kaxa hautsi nuen eta ezin izan nintzen atera. Beraz, Kantabriara autoa probatu gabe joan behar izan nuen, guztia txintxilik eta nahiko urduri. 

"Berriz ere hemen gaude, zarata ateratzen. Ea nola doan"

Eta zer moduz joan zen lasterketa?
Aritu ginen gutxia ongi atera zen. Izan ere, bigarren pasadan geundenean motorra hautsi zitzaigun. Helmugaraino heldu ginen eta denbora hartu ziguten, baina eremu erdia motorra hautsita egin genuen. Eta hala ere denbora oso onak egin genituen. Lehendabiziko eremuan laugarren sailkatu ginen, hirugarren sailkatu zenetik segundo batera. Eta bigarren eremuan, justu motorra hautsi zitzaigunean, laugarren sailkatu ginen, 3. postutik segundo erdira. Horrela jarraituz gero, eta erritmo pixkat hartuko bagenu, aurreko hiruren artean sailkatzeko aukera izango genuke. Beraz, alde horretatik poza, aurreikusitakoa baino askoz hobeki aritu ginelako, baina erretiratu behar izanagatik pena. Sikiera motorra azken eremuan apurtuko balitz… Horrek ematen digu amorru handiena, baina hau da dagoena, eta gustura aritu gara. Hain azkar ibiliko ginenik eta onenen artean ibiliko ginenik ez zuten askok espero, guk ere ez, eta, hortaz, oso pozik. 

Zer moduzko giroa egon zen?
Giro oso polita. Estatu guztiko jendea zegoen. Lasterketa Miguel eta Facundo Mazón anaia kantabriarrek irabazi zuten, baina denbora onena Luis eta Agustin Fernandez anaia asturiarrek egin zuten. Baina akats bat egin eta minutu bateko penalizazioa jarri zietenez, hirugarren postura jaitsi ziren eta proba Mazón anaiek irabazi zuten. 

Atzematen zaizu oso gustura egon zaretela. 
Bai. Kuadrillako batzuk etorri ziren, eta lagunartean egon ginen asteburu guztia. Ongi pasatu genuen eta emaitza, egia esan, bigarren mailako kontua zen guretzat. Baina ikusita aurrean egon ginela…

2022erako R5 modelo berriren bat aterako omen dutela entzuten da, baina, egun, R5ak ez dira egiten. Konpontzeko piezak lortzea zaila da? 
Pieza berriak badaude baina oso garestiak dira eta gutxi daude. Zailak dira lortzen, eta ezin denean ahal dugun moduan ibiltzen gara, lagunekin konpontzen eta beste. Bestalde, auto hauek mantentzea behar dute, eta nik 2019ko Urbasako igoeratik ez diot kasurik egin. Lanean ibili naiz, beste gauzetan, eta ez dut denbora asko hartu autoa ondo prestatzeko, egia esan. 

Ikusita ia entrenatu gabe halako denborak egin dituzula, jarraitzeko asmoa al duzu?
Autoa eskura ez banu, agian ez nintzateke aterako, baina autoa etxean izanda… Gainera, babesle batzuekin hitz egin dut eta laguntza eman didate, eta gastua ere egina dago: aurtengo lizentzia atera dut eta gurpilak erosi ditut. Kantabriako lasterketa honetan aritu eta gero gogoz geratu naiz, eta uste dut besteren batean ariko naizela, baina helburu jakinik jarri gabe. Dagoeneko Nafarroako Mendi Igoeretako Txapelketa eta Nafarroako Rally Txapelketa hasiak daude eta ezin dut txapelketetan pentsatu. Hemendik bi astera Fiteroko Rallya jokatuko da baina ziurrenik ez dugu motorra konpontzeko denborarik izango. 

Zenbat denbora kostatuko litzaizueke piezak lortu, motorra muntatu eta autoa prest jartzea?
Oraindik ez dut astirik izan motorra desmuntatzeko. Azken hilabetean autoa ongi jartzeko ordu pila bat sartu ditut, ingurukoak eta lagunak txoratu ditut eta orain aste batean atsedena hartuko dut. Gero, astiarekin, matxura zein izan den ongi begiratu behar dugu, ea matxura merkea eta konpontzeko erraza den, edo motor guztia egin behar den. Espero dezagun matxura txikia izatea eta datozen hilabeteetan berriz kaskoa jantzi eta karreraren batera itzultzea. Baina datarik jarri gabe. Ikusita asteburu honetan zeinen ongi ibili garen, agian kanpora ateratzea polita litzateke, asteburu pasa egiteko planteamenduarekin. 

Kantabriako egonaldia R5en piezen inguruko kontaktuak egiteko aprobetxatu duzue? 
Beno, gainontzeko kiroletan bezala, hemen batzuk dena kontatzen dute eta beste batzuk guztia baina aldrebes. Motor on bat egin eta lortu arte, agian dozena erdi motor hausten dituzu probak egiten. Motor on bat eta mekanika on bat lortzen duzunean, eroso zaudenean eta fidagarritasuna lortu duzuenean, atzean lan ordu eta diru asko daude. Hortaz, normala da pilotu bakoitzak bere sekretuak izatea. 

Sakana Motorsportek antolatzen du Urbasako Igoera. Aurten antolatuko duzuen erabaki duzue?
Esango nuke eskuderiako kideen nahia lasterketa egitea dela, baina oraindik ez da erabakia hartu, gauza asko aztertu behar direlako. Aurten lasterketa guk antolatzen dugula 10. urtemuga litzateke, 2011n hasi baikinen saltsa honetan. Proba egin ahal izatea nahiko genuke, baina ikusiko da. 

Ea berriro errepideetan ikusten zaitugun.
Ea hala den! Gure kirolak ikusgarritasuna izatea garrantzitsua da guretzat, babesleak ere eskertuak egon daitezen, eta gure historiak kontatzeko tarte bat hartzea eskertzen dizuegu.