Olatzagutiko Udalak aurten 1.928.158,02 euroko diru sarrerak eta 1.924.778,02 euroko diru gastuak aurreikusi ditu. Joseba Vizueta Askargorta alkateak azaldu duenez, pandemia urtean zerbitzuak mantentzea izan da helburua. Horrela, Erburua kiroldegiaren eta Sutegi kirol taldearen bidez ikastaroak bueltatzea seinale ontzat hartu du alkateak, iaz ez baitzen izan. Bestetik, Vizuetek nabarmendu du aurten udalak 17 kontratatzio egin dituela: 11 udan euskaraz kanpainarako, igerilekurako 4 eta 2 peoi.
Aurtengo inbertsioei dagokionez, udalak aurten areto futboleko pistako zorua berritu du, egoera txarrean zegoelako. Horretara udalak 30.000 euro inguru bideratu ditu. Aurreko urtean kirol zelaiaren ondoko harmaila berritu zuen udalak. Antzeko diru kopurua bideratu du udalak Erburua kiroldegiko argiztapena aldatu eta LED argiak jartzeko. Argindar faktura murrizteko neurriak hartzen jarraituko du udalak, Vizuetek jakinarazi duenez, mediku kontsultategian eta gimnasioan ere LEDak jarriko baitituzte.
Bestetik, udan dermioko hainbat bide konpondu zituen udalak. “Orain Olatzagutia eta Ziordia arteko bide bat guztiz asfaltatuta dago”, gaztigatu du alkateak. 70.000 euro inguru bideratu dituzte bide konponketetara. Inbertsioen atalean eskola publikoan egindakoa ere aipatu du Vizuetek: “berogailu zentrala du, baina ikasgela batzuk bero zeuden bitartean besteak hotz. Hori eragozteko gela guztietako berogailuetan termostatoak jarri ditugu, tenperatura nahieran erregulatu dezaten”. 14.000 euro inbertitu ditu horretan.
Etxebizitza eta plaza
Olaztiarrek duten etxebizitza premia aztertzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 20.000 euroko dirulaguntza jaso du. Vizuetek argitu duenez, “Gobernuarekin akordioa sinatzea falta da. Asmoa da enpresa bat kontratatzea. Haren bidez 18 eta 39 urte arteko olaztiarrek zer nahi duten jakin dugu. Parte hartze prozesu baten bidez eginen da hori”. Aurki hasi nahiko luketela gaineratu du alkateak.
2019ko parte hartze aurrekontuen bidez olaztiarrek erabaki zuten Vicente Argomaniz plaza egokitzea. Hau da, hesia eta arkitektura oztopoak kentzea. Parte hartze aurrekontuen diru poltsa 30.000 eurokoa zen. “Baina egin beharreko lanak aurrekontu handiagoa dute. Horregatik, aurten 6.000 euro bideratu ditugu arkitektoak proiektua egiteko. Hainbat aukera aurkeztuko ditu eta olaztiarrek erabakiko dute zein den haien gogokoena”, azaldu du Vizuetek. Udalaren asmoa litzateke plazan lanak heldu den urtean egitea.
Azkenik, alkateak bi kontu aipatu ditu. Batetik, herritarrendako epaitzena. “Baso lanetan aritzen den enpresa batek epaitza guztiak bide bazterrera atera ditu eta epaitza eskatu zutenek oso eroso izan dute egurra mozteko eta garraiatzeko”. Arriskua ere txikitu zela gaineratu du. Bestetik, udalak hilerriko erabilera ordenantzan aldaketa egin du eta, ondorioz, kanpoan bizi diren olaztiarrek aukera izanen dute hilerrian lurperatuak izateko.