Olatzagutiko Udalaren iritziz, “herritarren partaidetza elementu aberasgarria da, bizilagunak udalaren parte izan daitezen bideratzen duelako”. Horregatik, Zuk proposatu, zuk erabaki parte hartze aurrekontua abiarazi du. Olaztiarrek eta herriko elkarte eta kolektiboek nahi beste proiektu aurkeztu ditzakete. Udaletik gaztigatu dutenez, “interesgarriena proiektuak aurkeztea da, prozesu horretan aukeratuak izan ez arren, herritarren eskaera horiei buruzko ezagutza ematen digu eta beste diru partida batzuekin edota etorkizuneko aurrekontu parte hartzaileekin eskari horiei irtenbide ematen saiatuko gara”.
Joan den astean udalak etxe guztietan banatu zuen prozesuaren berri eta proposamenak aurkezteko orria. Orain herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako olaztiarrek egin ditzakete proposamenak, eta haiek aurkezteko epea gaur despedituko da. Horretarako, proposamen idatzia bete eta udaletxeko bulegoan (astegunetan 10:00etatik 14:00etara), udaletxeko postontzian edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daiteke. Udaletik gogorarazi dutenez, “obra lanak (berriak edo mantentze lanak), erosketa iraunkorrak (inbertsioak) edota udal eskumena den beste edozein eremuko ideia aurkez daiteke.
Udalak jasotako proposamenak aztertu eginen ditu abenduaren 1ean eta 2an. Eta, parte hartze aurrekontuekin bukatzeko, abenduaren 10etik 19ra gogoko proposamenen alde botoa emateko aukera izanen dute kultur etxean jarritako hautestontziaren, olazti.eus webgunearen eta 948 012 012 telefonoaren bidez, beti ere, Olatzagutian erroldatuta badaude eta 16 urteak beteak badituzte.
Eskarmentua
Hirugarren aldia da Olatzagutiko Udalak parte hartze aurrekontuen prozesua abiatu duela. 2018an olaztiarrek erabaki zuten argiteria publikoa eraginkorragoa izateko LED argiak jartzea. 2019an, berriz, Vicente Argomaniz plazako hesia eta arkitektura oztopoak kentzea erabaki zuten. Horretarako 30.000 euro aurreikusi ziren, baina lanen aurrekontua handiagoa denez, udalaren aurrekontuan aurten 6.000 euro sartu dira arkitektoak proiektua egiteko. Hainbat proposamen eginen ditu eta udalaren asmoa da olaztiarrek gogokoena aukeratzea.