Nafarroako Gobernuak eskatuta, Cementos Portland Valderrivas enpresak Koxkobilo harrobia lehengoratzeko bigarren plana egin du. Horretarako, egindako alegazioak eta ekarpenak izan ditu kontuan. Plana jendaurrean irailaren 3ra arte egonen da hari alegazioak aurkezteko aukera. Ahal dela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztu behar dira. Aurreneko proiektuarekin alderatuta, Nafarroako Gobernuak eskatuta, harrobian aurri egoeran dauden azpiegitura guztiak botako direla jasotzen du planak. Olatzagutiko Udalak haietako bat mantentzea eskatuta zuen, "garai bateko meatzaritza jardueraren leku gisa", baina eskaera ez da onartua izan.
Harrobiaren iparraldean, mendebaldean eta hego-mendebaldean pareta bertikalak daude, 50 metro luzeagoak batzuk. Ipar-mendebaleko paretaren azpian dauden materialak (3.499 m3) handik kendu eta baimendutako kudeaketa enpresa batek kudeatuko ditu. Harrobiko plazaren hego-mendebaldean harri eta lur isuriak daude (1.957,61 m3), eta, ondorioz, zorua irregularra da. Enpresak zaharberritze proiektuan proposatu du horiek ipar-mendebaldeko txokora eramatea, hura betetzeko. Haren gaitasuna 2.020,28 m3-koa da. Obra-hondakinak harrobiaren ipar-mendebaldera eramatea, inguruan ahalik eta hobekien integratzeko. Guztira, 11.506,43 metro kubiko mugituko liratekeela aurreikusi du. Bestalde, paretaren erdiko aldean, azpian, lur pilaketa dago (2.224,23 m3). Lur hori 18.823,18 m2-etan zabalduko dute, 12 cm-ko altuera emanez.
Planean jaso denez, harrobira ez da kanpotik materiala eraman beharko. Helburua da bertan dagoen materiala mugituz lerro leun eta jarraituko topografia osatzea. Bestalde, landareak berriro harrobira bueltatzeko neurriak hartuko dira, eta, horretarako, bertako espezieak erabiliko dituztela aurreratu dute. Belarra eta zuhaixkak erabiliko dituzte egiteko horretarako. Toki batzuetan naturak bere bidea egin duenez, hura errespetatuko da. Bestalde, harrobiaren perimetroan, amiltzeko arriskua dagoen tokietan eta beste batzuetan itxiturak jartzea aurreikusten du planak. Plana gauzatzeak 51.867,8 euroko aurrekontua luke.
Bestetik, Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuei PSNk eta EH Bilduk elkarrekin aurkeztutako zuzenketa bati esker, Olatzagutiko Udalak 80.000 euroko transferentzia jasoko du. Udalak Koskobilo harrobian parke bat eginen luke diru horrekin. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak egindako lanaren ondorioz jakin da makina bat animali izan zirela aspaldian han. Parkeak, beraz, milaka urtez bertatik igaro diren animalia espezieez gozatzeko aukera emanen luke.