Porlandegian izandako lan istripuaren ondorioz 55 urteko langile bat hil zen atzo, irailaren 8an, eta gaur enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du enpresaren aurrean. Enpresa batzordeko ELA sindikatuko kide den Juanjo Lizarraga Zelaiak azaldu duenez, lankidea gogoan izateko kontzentrazioa izan da, baita familiarekin elkartasuna adierazteko ere. "Lur jota" itzuli dira gaur lanera. Aurrerago zuzendaritzarekin hitz eginen dutela esan du ere Lizarragak.
Olaztiko lan istripuaren aurrean CCOO sindikatuak heriotza salatu eta "dokuminik zintzoenak" helarazi dizkie hildakoaren senitartekoei eta laguneai. Lan ezbeharren "gaitzak" bizitzak, proiektuak eta familiak deuseztatzen jarraitzen dutela esan du, "istripu guztiak saihesgarriak dira, baina halakoak berriro ez gertatzeko, administrazio publikoek eta enpresek euren borondate eta esfortzu guztia jarri behar dute segurntasun eta lan oasasun plangintzak ezartzen". Lan Arriskuken Prebentzioko Legea "derrigorrez bete beharezkoa" dela azpimarratu du sindikauak, eta Nafarroako Gabernuari lan ezbehar kopuruen arazoari "urgentziaz" heltzeko eskatu dio.
LAB sindikatuak ez du ordezkaritzarik Cementos Portland Valderrivaseko enpresa batzordean, baina sindikatuak babes eta elkartasun osoa adierazi die zendutako senide eta lagunei eta deitu diren mobilizazioetan parte hartuko du, “behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko”. “2022an 55. hildakoa Euskal Herrian eta hamabigarren hildakoa Nafarroan, odol isuriak ez du etenik” azaldu du sindikatu abertzaleak. “Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, prebentziorako neurriak beteko balira” salatu du, “karretilen erabilpenak sortzen dituen arriskuak ezagunak baitira, eta arrisku hauek saihesteko ezarri beharreko neurriak baita ere. Neurri hauen guztien edo batzuen huts egiteak eragin du langilearen heriotza, eta horien kontrola enpresariarena da, beti”.