Taldean esker oneko sentimendua dute atzo festei hasiera eman ondoren. Olazti Natura duela bi urte sortu zen. Pandemian zerbait egin beharra zuen, eta Olatzagutira ezkondutako Felipe Bernardo Morok pentsatu zuen sorterrian, Salamancan, "funtzionatu eta emaitzak ematen dituen naturaren babeserako programa" Olatzagutian ere ezar zitekeela. "Ez da gauza bera, baina funtsa bera da", argitu du Bernardok. Horrela, Olatzagutiko natura eta biodibertsitatearen kontserbazio eta hobekuntzarako programa sortu zuen, "Burundara eta Sakanara zabal daitekeena, behar berak eta ingurune baliabide antzekoak ditugulako".
Programak hainbat plan, ekintza eta proiektu aurreikusten ditu, "guztiak ere, ingurumeneko hainbat aspekturen hobekuntza lortzeko, batez ere espezie batzuen berreskuratze eta kontserbazioari begira". Horretarako, lehenik, herriko animalia moten inbentarioa egin zuen, bakoitzeko zenbat espezie dauden argituz. Horretaz aparte, "herritarrek eta, bereziki, haurrek ingurumen gaietan kontzientzia hartzeko hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak egitea aurreikusi dute.
Jarduerak
2020an eta 2021ean gaueko hegazti harrapakariek (hontzak, urubi, hontz ertain eta apo hotza) kafiak egiteko kutxak jarri zituzten, kasu batzuetan saskiak. "Jendeak gero eta gutxiago ikusten dituela esan zigun eta haiek ugaldu eta babesteko jarri genituen". Bost jarri dituzte Ziordian eta Olatzagutian eta Altsasun bi jarri nahiko lituzkete.
Aurtengo martxoan ibai ertzak garbitzen hasi ziren. Ziordiko mugaren eta porlandegiaren arteko tartea garbitu dute 19 jardunalditan. "Saio bakoitzean lauzpabost zaku handi hondakinez betetzen ditugu, uralitak, bidoiak, txapak, bizikletak… denetarik atera dugu. Orain ederra da ibai zati garbia ikustea". Eta haien lana ikusita, ziordiarrak gauza bera egitera animatu ziren.
Aurreikusitako dituzten beste jarduera batzuk dira: natura inbentarioa eguneratzea, gaztainondoak berreskuratzea, hainbat hegazti babesteko planak egitea (hontz zuria, sagu zaharrak, hontzak, belatz gorria, urubia, mozoloa, hontz ertaina, hegazti intsektu jaleak eta enarak eta azpizuriak), pinu-beldarra kontrolatzea eta intsektu polinizatzaileendako hotelak instalatu. Egin litezkeen beste ekintza interesgarri batzuk ere badituzte buruan: urmaelak sortzea, alanbradak kendu eta hesi biziak jartzea; ibaian dauden espezie exotikoen kontrako borroka eta zaborren bilketa.