Astekaria

Ubeldea garbitzeko auzolana egiten ari dira

Guaixe 2022ko api. 7a, 09:07

Olaztiarrak ubelde bazterrak garbitzen. UTZITAKOAK

Larunbatero 09:30ean jarri dute hitzordua eta 10:00etatik 12:00etara aritzen dira ibai bazterrak garbitzen. Garbiketa auzolanekin luze segitzeko asmoa dute, udara arte edo. Orain ibai bazterreko goiko partea garbitzen ari dira, baina emaria jaistean ibaian sartu eta beheko partea garbitzeko asmoa dute.

Ibaia zikina zegoen lehendik ere, baina abenduaren 10eko uholdea azken hamarkadetako handiena izan zen. Ubeldeak gainezka egin eta uraren indarrak hainbat kalte sortu zituen. Horrekin batera hainbat zabor eraman zuen urak, ibai bazterrean gelditu zena ur emaria jaistean. Uhartearren adibideari erreparatuta, olaztiar talde bat ubelde bazterrak garbitzen hasi zen martxoaren 5ean. Eta ordutik larunbatero ari dira ibaira joaten pilatu diren zaborrak jasotzeko. 

Lau auzolanetan batez ere plastikoa jaso dute, ibai bazterreko zuhaitzen adarretan zegoena. Uholdeak eramandako baratzetako traste ugari ere jaso dituzte, ur biltegiak eta ontziak. Horrekin batera, txatarra dezente jaso dute. Garbiketa egiten opatu dute arropa, aspaldi lurperatuta zeuden hondakinak eta telefono bat. Ubelde bazterretik jasotakoa gertuko toki batean pilatzen dute eta astelehen goizean Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak jaso eta Utzubar EKOgunera eramaten du.  

Taldea 
Naturarekin kezka duen olaztiar talde batek Olazti Natura whatsapp taldea sortu zuen irailean. Estreinako jarduera gaztainekin egin zuten. Haiek etxean ontzi batean erein zituzten eta landarea jaio zenean basoan landatu zituzten. Talde horretako kideak ubeldeari erreparatu zioten, eta oso zikin zegoela ikusita zerbait egitea erabaki zuten. Estreinako auzolanean zazpi edo zortzi pertsona aritu ziren ibai bazterretatik hondakinak kentzen. Hurrengo larunbatetan jende gehiago egon da garbiketa lanak egiten 15 eta 20 olaztiar. Eta beti jende desberdina aritu da lanean. Batzuek jarritako ordutegian ezin izaten dute joan eta goizago edo arratsaldez aritzen dira garbitzen. Denak ere eskularruekin joaten dira auzolanera. Egiteko lan handia dagoenez, auzolanari hasiera eta akabera orduak jartzea erabaki zuten. 

Errota parean hasi ziren eta handik ibaian gora jo dute hurrengo larunbatetan. Ez dute ibaiaren ibilgua segitu. Gehien ikusten den tokian Alduia aldean aritu izan dira garbitzen, bertatik Ziordirako bidea pasatzen baita, eta jende asko ibiltzen baita handik. Auzolanekin segitzeko asmoa dute: “garbi utzi duzula uste duzu eta beste aldetik zikinkeria pila ikusten da, batez ere behean”. Baina uretan ez dira oraindik sartu, ubeldeak emari handia duelako. Uraren maila jaisten denean, beheko zaborrak jasoko dituzte. Uda aldera izanen da hori. Taldekideek azaldu dutenez, garbiketak balio izan die txoko politak ezagutzeko ere. Olaztiarrek jakinarazi dutenez, Ziordian ere antzeko auzolana egiteko asmoa dute. 

Erlazionatuak

Uholdea Sakanan

Guaixe 2021 abe 17 Sakana