Automobilismoa

Joseba Iraolak Urbasako errekor guztiak apurtu zituen

Maider Betelu Ganboa 2022ko urr. 10a, 14:00

Galdakaoko pilotuak hegan egin zuen eta 2 minutu eta 57 segundotan igo zuen Urbasako portua, bere errekorra lau segundotan apurtuz. Iker Palacios lakuntzarra laugarren sailkatu zen (3:29.153). Milaka motorzale bildu ziren Urbasan, sekulako giroan

Eguraldiak ateri eutsi zion eta euririk gabe jokatu zen Sakana Motorsportek antolatutako 40. Urbasako Igoera. Data borobilean, egunaren deskribapena halakoa izan zen ere, borobila itzan baitzen bai pilotuek eskainitako ikuskizunaren aldetik, bai milaka eta milaka motorzaleek sortutako giroaren aldetik eta bai natur parkean bildutako gehienen portaeraren aldetik ere. Jende gehienak eguna pasatzeko eramandako janari, edari eta bestelakoak txintxo-txintxo bildu eta probaren ondorengo garbiketa lanak azkar egin ahal izan zituzten. 

Antolakuntzak zehaztutako 100 partaideen tokiak aspaldi beteak zirela, pilotuek ahalik eta ikuskizun gehien eskaini nahi izan zuten. Jakina zen joan zen urteko irabazlea, Joseba Iraola Lanzagorta (Norma NP01) zela faborito nagusia, eta Balmasedakoak gainontzeko pilotuak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen, gainontzekoek baino auto askoz hobea duelako, eta aurten lehiatu den txapelketetan maila ona lortu duelako. Berak irabaztea espero zen, baina iaz berak ezarritako errekorra lau minutuetan hobetzea, agian ez horrenbeste. Olaztitik Urbasako portu gainera bi minutu eta 57 segundotan igo zen. 5,93 km eta 39 bihurgune 2:57.862-ko denboran. Harrigarria. Bere nagusitasuna ikaragarria izan zen, 22 segundo atera baitzizkion Arkaitz Ordoki Gamezi (3:19.020, Norma NAC M20FC) eta 24 segundo Aitor Manso Garmendiari (BRC B49). 

Lasterketa oso ona eginda eta sorpresa emanda, sailkapen orokorreko laugarren postuan Iker Palacios Andueza sakandarra sailkatu zen (BRC B52, 3:29.153). Podiumera igotzeko 8 segundora geratu zen pilotu lakuntzarra. 
Irteera hartu zuten 100 pilotuetatik 89k bukatu zuten proba, tartean zortzi sakandarrek. Maila onean aritu ziren, eta aurten ez zen pilotu sakandarrik erretiratu. 

Lasterketak Olaztin izan zuen eragina nabarmena izan zen. Goizetik hasita, milaka motorzalek hartu zuten Urbasako bidea, eta Olazti txiki geratu zen. Autoen asistentzia guneak aparteko arreta sortu zuen, eta Urbasako maldak milaka motorzalez bete ziren. 

Sakandarrak 40. Urbasako Igoeran (5,93 km)
1.Joseba Iraola (Norma NP01) 2.57.862
4. Iker Palacios (BRC B52) 3:29.153
28. Delfin Goikoetxea (Proto Alpine) 3:57.733
32. Arkaitz Irigoien (Renault Clio) 3:59.084
37. Iban L. de Goikoetxea (R5 GT Turbo) 4:04.460
39. Ander Gurmindo (Renault Clio Sport) 4:04.938
45. Mikel Mendinueta (P205 GT Turbo) 4:08.423
52. Asier Juanez (Renault Clio Sport) 4:12.247
53. Iker Askargorta (Opel Astra GSi) 4:12.964

Erlazionatuak