Vicente Argomaniz plaza berritzen ari dira

Guaixe 2022ko urr. 26a, 09:01
Vicente Argomaniz plaza itxuraldatzeko lanak egiten.

Olaztiko plazako zorua altura berean jartzeko ari dira obrak egiten. Hilabete honetan despedituko dituzte. 

Herriaren erdigunean dagoen Vicente Argomaniz plaza itxuraldatzea erabaki zuten olaztiarrek 2019ko parte hartze aurrekontuen bidez. Olatzagutiko Udalak lanak eman eta hilaren 10ean hasi ziren plaza itxuraldatzeko lanak. Plazaren erdian zuhaitzak eta iturria daude. Haiek inguratzen zituen landarezko hesi bat zegoen. Hura eta haren barruan zegoen zoladura kendu dute langileek. Joseba Vizuete Askargorta alkateak azaldu duenez, ″plazako zorua maila berean jarriko dute eta gero asfaltoa zabalduko dute. Plaza ‘hutsik’ geldituko da eta edozein ekintza hartzeko prest″. Alkateak azaldu duenez, lanek 27.000 euroko aurrekontua dute. Vizuetek gaineratu duenez, ″Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntzen deialdian plazan galtzadarria jartzeko proiektua aurkeztu dugu″. 

Alkateak jakinarazi duenez, aurtengo parte hartze aurrekontuen deialdia azaroan eginen dute. Joan den urtean olaztiarrek erabaki zuten udal pilotalekuko sarrera aldatu eta erabiltzaileek frontoira txartela edo hatz markarekin sartzeko aukera izatea. Gaur egun udal pilotalekua itxita dago. Hura erabili nahi dutenek udaletxetik pasa behar dute goizez, giltza eskatu eta izena eta telefono zenbakia ematen dituzte. Beraien aldia bukatzen dutenean giltza udaletxeko postontzian uzten dute, edo zuzenean udaletxera bueltatzen dute hurrengo egunean.

“Jendea kezkatzen da frontoia itxita dagoelako. Pandemiarekin lehen bezala irekitzea ez genuen egoki ikusten, gauez jendea sar zitekeelako. Horregatik ez dugu ireki”, azaldu du Vizuetek. Pandemia aurretik frontoiko giltza Barandi tabernan zegoen eta handik hartzen zuen jendeak. Baina pandemia iritsita “ezin genion tabernakoei ardura utzi hau bai, hau ez esateko. Eta udaletxera eraman genuen giltza”. Alkateak azaldu duenez, gaur egun, frontoiaren argiztapena pizteko erabiltzaileek ordu bakoitzeko ordaindu behar du. Sartzeko sistema berriak argia pizteko ere balioko duen aztertu nahi du udalak, bestela, egungoarekin segituko du. 

Erlazionatuak

"Umearendako, iturriaren jabea naiz"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022 abu 01 Olazti