Ur araztegi berria egiteko lanak eman dituzte

Guaixe 2022ko aza. 29a, 08:53
Olatzagutiko araztegia. ARTXIBOA

Gaur egungo araztegiak 30 urte ditu eta bere ahalmena gainditzetik gertu dago. Lanak otsaila akaberan edo martxo hasieran hasiko dira.

Nilsa enpresa publikoak Olatzagutiko araztegia berritzeko lanak ACSA Obras e Infraestructuras SAUri eman dizkio 1.898.967 euroren (BEZ kanpo) truke. Olatzagutiko araztegiak 30 urte ditu. Baina gero eta ur gehiago garbitu beharra duenez, Nilsak 2005ean eta 2015ean erreformak egin zituen. Hala ere, azpiegiturak eguneratzea behar zuela iritzita Nilsak Olatzagutian araztegi berria egitea erabaki zuen. 

Araztegi berriak ur zikinen 15,63 litro segundoko emaria tratatu ahalko du bataz beste, 1.350 metro kubiko eguneko. Gehienez ere 46,9 litro segundoko hartzeko gaitasuna izanen du. Gaur egungo ur araztegia lanean arituko da, berria egiten duten bitartean. Eta egungoa azken momentuan kenduko dute, Olatzagutiko ur zikinak garbitzeko. Egungoaren tokian ur baltsa bat jarriko dute. Hondakin uraren tratamenduaren akaberako elementu bat izanen da baltsa. Hau da, han egonen da araztutako ura denbora batez Arakil ibaira bueltatu aurretik.

Araztegia berritzeko lanak emateko bigarren aldia da honakoa, Nilsak 2020ko garilean lanak eman zituelako. Baina Nafarroako Gobernuak han arkeologia ikerketa egitea eskatu zuen eta horrek guztia gelditu zuen. Paleolitiko akaberako aire zabaleko aztarnategia, Koskobilo IV, agertu zen. Guztia aztertu ondoren, Nilsak deialdi berria egin zuen. Baina lanak egiterakoan arkeologia jarraipena eginen zaio. 

Erlazionatuak