Hondakin urak arazteaz arduratzen den Nilsa enpresa publikoak Olatzagutiko araztegia berritzeko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 2.134.816,2 euroko aurrekontua dute (BEZ kanpo). Lanak egiten interesa duten enpresek gaur 10:00etarainoko epea zuten eskaintzak egiteko. Araztegia berritzeko lanak emateko bigarren saiakera da, aurrekoa 2020eko garilean egin eta lanak eman zituen. Baina Nafarroako Gobernuak han arkeologia ikerketa egitea eskatu zuen eta horrek guztia gelditu zuen. Irailaren 13an gobernuak baimena eman ondoren, Nilsak, atzera ere, lanak emateko deialdia egin du. Oraingo deialdiko aurrekontua lehenengoa baino 76.087,56 euro garestiagoa da.
Olatzagutiko araztegiak 30 urte ditu. Baina gero eta ur gehiago garbitu beharra duenez, Nilsak 2005ean eta 2015ean erreformak egin zituen. Hala ere, azpiegiturak eguneratzea behar zuela iritzita Nilsak Olatzagutian araztegi berria egitea erabaki zuen. Araztegi berriak ur zikinen 15,63 litro segundoko emaria tratatu ahalko du bataz beste, 1.350 metro kubiko eguneko. Gehienez ere 46,9 litro segundoko hartzeko gaitasuna izanen du. Gaur egungo ur araztegia lanean arituko da, berria egiten duten bitartean. Eta egungoa azken momentuan kenduko dute, Olatzagutiko ur zikinak garbitzeko. Egungoaren tokian ur baltsa bat jarriko dute. Hondakin uraren tratamenduaren akaberako elementu bat izanen da baltsa. Hau da, han egonen da araztutako ura denbora batez Arakil ibaira bueltatu aurretik.
Arkeologia indusketak
Ur saneamendu azpiegitura berriak gaur egungo espazioa eta aldamenean dagoen Ornako iturriaren ondoko beste espazio bat hartuko du. Koskobilo II lezearen aurkikuntzak planak aldatu zituen. Nilsak 2020ko abenduaren 11n lanak eman zizkion enpresa hartzaileari. Baina abenduaren 15ean udalak Arantzadi zientzia elkartearen txostena aurkeztu zuen adieraziz araztegiaren inguruan arkeologia aztarnak egon zitezkeela. 2021eko abenduaren 18an Nafarroako Gobernuak egoki jo zuzen ikerketa egitea.
Arkeologoek 2021eko apirilean eta maiatzean egin zuten ikerketa eta araztegia zabaldu behar zen tokian Paleolitikoko aztarnak opatu zituzten. Horregatik, joan den urteko lastailean eta azaroan ikerketa sakonagoak egin zituzten. Ondorioa: Ornako iturriaren inguruan aire zabaleko arkeologia aztarnategi Paleolitiko (duela 12.000-10.000 urtekoa, Arantzadi datatzeko zain dago) bikain bat opatzea, baina uraren erosioagatik oso gaizki kontserbatua dagoena. Horrek indusketa integrala egitea ekarri zuen. Han landutako Urbasako silexa eta ikatz aztarnak agertu ziren.
Gobernuak ondorioztatu zuen ez zegoela katalogatutako ondarerik eta araztegia egiteko lanei baimena eman die. Hala ere, lanei arkeologia jarraipen estua egitea eskatu du foru administrazioak. Horregatik, lurpeari eragiten dioten lur mugimenduak egiten diren bitartean, kontrol egokia izateko, arkeologia teknikari batek gainbegiratuko ditu lanak. Arkeologia egitura edo aztarnak agertuz gero, kaltetuak ez izateko, mugatu eta balizatu beharko ditu enpresak. Aurkikuntzen berri Nafarroako Gobernuari jakinarazi beharko zaio.
Joseba Vizuete Askargorta Olatzagutiko alkateak jakinarazi duenez, araztegia lekuz aldatzeko aukera aztertu zuen udalak. Alkateak zehaztu duenez, “araztegia dagoen tokia herri lurrak dira, ingurukoak jabetza pribatua. Jabeei galdetu genien saltzeko interesa ote zuten, eta batzuk baietz eta besteek ezetz”. Aurreikusitako tokian eginen da, beraz, araztegia.