Sakanako aurreneko kinto ospakizunak Olatzagutiakoak izanen dira. Dagoeneko haien festarako guztia nahikoa lotuta dute, baina ilbeltzaren 31an, asteartean, guztia lotzeko afari-merendu bilera eginen dute. 2004an jaiotako hamahiru gaztek osatzen dute aurtengo kintada: Aimar Vicente Lopez de Goikoetxea, Iñigo Quintana Beraiz, Koldo Mentxaka Larraza, Ander Amezgarai Gomez, Alaitz Gabirondo Lopez, Unax Trevejo Rodriguez, Gorka Ruiz Larraza, Iker Andueza Arregi, Asier San Roman Alves, Paula Gaspar Caballero, Maren Arrizabalaga Otxoaerrarte, Maria Trevejo Barcenilla eta Kiara Agudo Sanz.
Otsailak 1 asteazkena
Goizean goiz, hasiko dituzte kinto ospakizunak. Hamairuak baserritarrez jantzita kalera aterako dira argitu aurretik, eta kinto eskeari ekinen diote. Bai lanera doazenei, bai autobusa hartu behar dutenei eskatuko diete lehenik. Ondoren, banatu eta batzuk industrialdera joanen dira kinto eskea egitera, eta besteak herriko denda eta establezimenduetatik pasako dira egiteko berarekin. Ospakizunak irauten dituen bost egunetan kintoak nondik dabiltzan gaztigatuko du Itxabela txarangaren soinuak. Kinto eskea hamaiketakoa hartzeko geldituko dute eta, ondoren, bazkal garairaino eskean segituko dute. Arratsaldean, mahaitik jaiki ondoren txarangak lagundutako kinto eskeak segituko du, “bost egunetako bazkari-afariak eta txaranga ordaintzeak aurrekontu handia eskatzen baitu”. Afaldu ondoren gaztetxean parrandan segituko dute.
Otsailak 2 osteguna
Kintoak hamaiketakoa hartzeko elkartuko dira. Indarrak hartu ondoren kinto eskeari ekinen diote, beti txaranga lagun dutela. Bazkaldu ondoren, gauza bera eginen dute. Herriko auzo guztietatik pasatzeko plangintza buruan du kinto segizioak. Kinto eskea poteoarekin ere tartekatuko dute, jakina. Ostegunean gaztetxean beti kintoen afaria izanen da, beraz, aurtengo kinto ospakizunera hainbat gazte batuko zaizkie.
Otsailak 3 ostirala
Hamaiketakorako bilduko diera eta mahaitik jaiki ondoren zuzenean eskolara joanen dira. Ikasleen artean miresmena sortzen duen bisita izaten da hori. Txikiek ere kintoen sos batzuk emanen dizkiete, jakina. Bai kintoak bai eskolako ikasleak elkarrekin plazara joanen dira eta guztiek elkarrekin Santa Ageda koplak abestuko dituzte. 13:00ak aldera izanen da hori. Bazkaldu ondoren, kinto eske musikatuak Olatzagutian barna segituko du. Afaldu ondoren kintoak gaztetxean dauden kontzertuetara joanen dira. Ostikoka eta Los de Abajo taldeak izanen dira gauari doinuak jarriko dizkiotenak 23:00etatik aurrera.
Otsailak 4 larunbata
Santa Ageda bezpera
Kintaden eguna izanen da Olatzagutian. Aurtengo kintoak eta helduenen kintadak herrian bazkaltzen duten bitartean, gazteenak sagardotegietarako bidea hartuko dute. Baina mahaira eseri aurretik eta gosaldu ondoren kintoak eskean ariko dira herrian dagoen eguerdiko poteo animatua baliatuz. Bazkaldu ondoren, poteoan ariko dira gazteak eta 19:00etatik aurrera, gaztetxean Bidean erromeria taldearekin dantza eginen dute. Nork bere alde afalduko du eta festa ordu txikiak arte luzatuko da.
Otsailak 5 domeka
Santa Ageda eguna
Eguerdiko poteo garaian kinto eskea izanen da. Bazkaldu aurretik, ohi bezala, kintoek opilak banatuko dizkiete herriko adinduenari, gazteenari, alkateari eta medikua izandakoari. Bazkariak eta afariak itxiko dute Olatzagutiko kinto ospakizunen egitaraua.