Nilsa enpresa publikoak Olatzagutiko araztegia berritzeko lanak ACSA Obras e Infraestructuras SAUri eman zizkion 1.898.967 euroren (BEZ kanpo) truke. Kisusgileak apirileko azken astean hasi ziren lanean. Olatzagutiko ur zikinak jaso eta garbitzen dituen araztegiak 30 urte ditu. Nilsak 2005ean eta 2015ean erreformak egin zituen, baina gero eta ur gehiago garbitu beharra duenez, azpiegiturak eguneratzea erabaki zuen.
Araztegi berriak ur zikinen 15,63 litro segundoko emaria tratatu ahalko du bataz beste, 1.350 metro kubiko eguneko. Gehienez ere 46,9 litro segundoko hartzeko gaitasuna izanen du. Gaur egungo ur araztegia lanean arituko da, berria egiten duten bitartean. Eta egungoa azken momentuan kenduko dute. Egungoaren tokian ur baltsa bat jarriko dute, hondakin uraren tratamenduaren akaberako elementu bat izanen dena. Hau da, han egonen da araztutako ura denbora batez Arakil ibaira bueltatu aurretik.
Araztegia berritzeko lanak emateko bigarren aldia da honakoa, Nilsak 2020ko garilean lanak eman zituelako. Baina Nafarroako Gobernuak han arkeologia ikerketa egitea eskatu zuen eta horrek guztia gelditu zuen. Paleolitiko akaberako aire zabaleko aztarnategia, Koskobilo IV. agertu zen. Guztia aztertu ondoren, Nilsak deialdi berria egin zuen. Baina lanak egiterakoan arkeologia jarraipena eginen zaio.