Erburua kiroldegitik 1,2 km iparraldera dago Koskobilo II arkeologia aztarnategia. Haren magalean Koskobilo IV dago, Ornako iturriaren inguruan. Mikel Markotegi etxarriarrak Aranzadi zientzia elkarteko kideei haien berri eman zien 2019an eta orduz geroztik egindako indusketa kanpainetan arkeologia material ugari azaleratu dituzte, aparteko sona eman diotenak kobari eta Olatzagutiari.
Arkeologia aztarnategiaren garrantziaz jabetuta, Olatzagutiako Udalak, Aranzadi zientzia elkartearekin batera, Koskobilo ingurua berreskuratu eta hari balioa emateko proiektua egin zuen. Horren ardatza Erburua kiroldegitik abiatzen den ibilbide bat da. Bidea seinaleztatzen duten baliza eta pintura arrasto berdeei jarraituz, olaztiarrek eta bisitariek bertako balio handiko natura eta kultura ezagutzeko aukera izanen dute, ibilbidean zehar horien berri ematen duten bost panel izanen baitira.
Ibilbidea Koskobilo II koban bertan bukatzen da. Bisitariei sarbide segurua eta estetikoa emateko, 25 metroko desnibela gainditzeko 150 metroko luzera eta metro bateko zabalera duen bidea zabaldu da, %16ko malda izanen duena. Bidearen zoruan kaskailua jarri da. Pertsonak bai, baina animaliak ez sartzeko pasabidea ere jarri da. Kobaren sarrera parean plataforma bat izanen da. "Haren oinarrietako bat jartzerakoan arkeologia aztarnak agertu ziren eta, horregatik, lanak gelditu behar izan ziren, arkeologoek behar bezala aztertzeko. Lanak berez martxoan despeditu behar ziren, baina Nafarroako Gobernuari bi hilabeteko luzapena eskatu genion, eta aste honetan despedituko dira egin beharreko guztiak", azaldu du Joseba Vizuete Askargorta alkateak. Gaineratu duenez, "Aranzadiko kideek olaztiarrei garagarrilaren 10ean aurkezpena eginen diete". Udalak ez du baztertu etorkizunean Koskobilo II kobarako igoera herriko intereseko beste puntu batzuk lotzen dituen (ahuntzetxea, burdin iturria…) homologatutako ibilbide labur baten barruan sartzea. Koskobilo aztarnategiari balioa emateko proiektua finantzatzeko Olatzagutiko Udalak Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetatik 80.000 euroko dirulaguntza zuzena jaso zuen, PSNren eta EH Bilduren zuzenketa bati esker.
Indusketa, harrobia eta beste
Udaberriko egonaldi horretaz aparte, arkeologoak udan, atzera ere, arkeologia indusketa egitera bueltatuko dira Koskobilo II kobara. Alkateak jakinarazi duenez, "arkeologoak garagarrilean hasiko dira lanean, eta, gutxienez, bi hilabetez han izanen dira". Kobazuloan arkeologia indusketa egiteaz aparte, Aranzadikoek aurten beste egiteko bat izanen dutela jakinarazi du Vizuetek: "kobaren gainean harrobia dago eta hura lehengoratzeko proiektua dago. Lan hori egiten denerako, han zer interpretazio edo informazio jarri daitezkeen aztertuko dugu Aranzadikoekin batera". Aurtengo lanek 100.000 euroko aurrekontua dute eta udalak ondarea berreskuratu eta haren berri zabaltzeagatik Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatuko dio.
Harrobiaren lehengoratzearen inguruan, alkateak jakinarazi du Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain "urte pasa" daramatela. "Cementos Portland Valderrivas da harrobiaren jabea eta hura lehengoratzeko proiektua aurkeztu zion foru administrazioari. Alegazioak aurkeztu genizkion eta onartuak izan ziren. Baina proiektua gauzatzeko gobernuaren azken baimenaren zain dago enpresa". Vizuetek azaldu duenez, "harrobiko plazan dauden hondakinak kenduko dira, belarra erein, zuhaitzak landatu eta hesi txiki bat jarriko da. Gainera, harrobiko plaza guztian zehar ibiltzeko bide bat eginen da". Enpresaren egitasmoaren arabera lanek urtebete iraun zezaketen. "Baina litekeena da hor ere aztarnak agertzea", gaztigatu du alkateak.